Lakuak UEUren bideragarritasuna kolokan jarri duela nabarmendu dute
GARA |
Lakuako Gobernuak 2012. urterako aurrekontuetan UEUri orain artean ematen zion diru laguntza kentzeak Udako Euskal Unibertsitatearen bideragarritasuna kolokan jartzen duela nabarmendu zuten atzo Bilbon bertako zuzendari izandakoek. Ordu berean onartuak izan ziren aurrekontuak Gasteizen.
Karmele Artetxe, Lore Erriondo, Aitzpea Leizaola, Xabier Isasi, Mikel Aizpuru, Kepa Altonaga, Iñaki Irazabalbeitia, Baleren Bakaikoa eta Martin Orbek adierazi zutenez, «Legebiltzarrak bozkatu dituen aurrekontuek UEUren bidegarritasunari danbateko agerikoa emateaz gain, diru laguntza `merezi' duten erakundeen izen zerrendatik ezabatu dute».
«Aurrena laguntzak murriztu, 0 eurotan utzi hurrena eta desagerrarazi azkena. Gasteizko aurrekontuek, alabaina, ez dute UEUri esleitu ohi zaion diru laguntza ezereztu. Zuzenki subentzioaren onuradunen izena ere desagerrarazi dute», salatu zuten.
«`Dute' diogu, baina `du' esateko gogoa dugu. Izan ere, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztutako emendakinek talde abertzaleen jarrera positiboa agertarazi dute. Legebiltzarretik kanpo egunotan izaniko bestelako harremanek ere izan dute bere fruitua eta UEUren `desagertazpenaren' aurkako jarrera agerian utzi. Baita PSEren barrenetan ere. Eta horrexek `du' aditz horren subjektua Hezkuntza sailburua [Isabel Celaa] dela pentsarazten gaitu. Bera izendatzen dugu erabaki izengabetzaile honen arduradun gisa», gaineratu zuten.
40 urteko ibilbidea
Horregatik, azken 40 urteotan izan duten ibilbidearekin jarraitzeko asmoa plazaratu zuten. «Uda garaian, 1973an, abiatu zen UEU. Orduz geroztik, euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzen, euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzen eta ekoiztutako unibertsitate-gaiak gizartearen esku jartzen jardun du. Era guztietako langar-giro, zirimiri, euri ttiki, erauntsi eta kazkabar erasoak ezagutu ditugu. Tokatu zaigun atmosfera zati kantauriar honi izpiritu `udatiarrez' eutsi izan diogu beti», bota zuten atzo.
«Elkarlanean, ikuspegi dinamikoz eta izaera parte-hartzaileaz UEUk berak sustaturiko uda zein neguko jarduera akademikoak, argitaratuko korpus bibliografikoa edota IKTetan garaturiko hainbat azpiegitura eta zerbitzu UEUren beraren berme izan dira. Bideragarritasun ekonomikoa, ordea, aipatu berezko ekinbide hauetaz gain hainbat erakunde publikoaren diru laguntzei esker lortu da, 1.100 bazkideren laguntzarekin batera. Hartara, autonomia eta gizarte-izaera galdu gabe UEUk erakunde publikoen sostengua jaso izan du bideragarritasuna bermatze aldera», azaldu zuten.
«Azken urteotan, krisialdiak hainbat erakunde publikoren etengabeko murrizketa ekarri du. Ttanttaka batzutan eta jario nahiko larriz bestetan, UEUk jadan du diru-murrizketen atergabeko isuria», gogoratu zuten, orain Lakuak hartutako erabakia, ordea, pausu bat aurrerago doala gaineratuz.
1998tik ematen zion Lakuako Gobernuak diru laguntza UEUri. Iaz, adibidez, 177.840 eurokoa izan zen. Kopuru horrekin gastu estrukturalei aurre egiten zien, beste iturrietatik jasotzen zen diruarekin, berriz, proiektu ugari jartzen zituen abian UEUk.
Patxi Lopezen Gobernuaren diru laguntza galtzeak, adibidez, kolokan jartzen ditu UEUn lan egiten duten langileen kontratuak, lanorduak murriztera behartuko ditu eta ziurrenik enplegua erregulatzeko espediente bat aurkeztu beharko dute.