GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arartekoarekin bildu dira sei urteko kartzela zigorra jaso duten Donostiako 15 gazteak

GARA | DONOSTIA

Sei urteko kartzela zigorra jaso berri duten Donostiako 15 gazteak Iñigo Lamarca arartekoarekin elkartu ziren atzo euren egoeraren berri emateko. Auzitegi Nazionalak sei urteko zigorra ezarri zien 2010ean Segiko kide izatea leporatuta. Aurten, urrian hain justu, epai hura baliogabetu eta beste bat plazaratzeko eskatu zion Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalari, defentsak aurkeztutako frogak aintzat hartu ez zituela argudiatuta.

Hiru asteren buruan, sei urteko zigorra berretsi zuen Auzitegi Nazionalak, aurreko epaiaren oinarri berberak zituen erabakian. Hala azaldu zion orduan GARAri Ainhoa Baglietto gazteen abokatuetako batek, epaiak sei urteko zigorra bera ere bere horretan mantentzen zuela nabarmenduz.

Orain, beste behin ere, Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain daude gazteak, helegitea aurkeztu baitute euren abokatuek. Hain zuzen ere, horren berri eman zioten atzo Arartekoari. Euren aurkako bi epaiak ere eraman zizkioten. Gazteek jakinarazi zutenez, Lamarcak bere esku dagoen guztia egingo duela adierazi zien. Adierazi zutenez, aste honetan bertan epaitegira joan behar izan dute Auzitegi Nazionalaren azken epaia jasotzera.

Eurek bizi duten egoera salatzeaz gain, beste hainbat euskal herritarrek bizi dutena ere izan zuten gogoan hamabost auzipetuek. Horien artean gazteak aipatu nahi izan zituzten bereziki, 200etik gora baitaude uneotan epaiketa edo epai zain.

Alberto Gonzalezen alde

Ostegunean, bestalde, Alberto Gonzalez donostiarra atxilotua izan zen, bi urte eta erdiko kartzela zigorra betearazteko.

Hau dela eta, Gernikako Akordioan parte hartzen duen eragile ugarik batzar informatiboa deitu du Gipuzkoako hiriburuan. Asteartean izango da, 19.00etatik hasita, Donostiako Udaletxe barruan. Auziaren berri emango da eta honelako atxiloketen aurkako ekimenak eztabaidagai izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo