GARA > Idatzia > Mundua

Al Maliki lehen ministroari egotzi dio Bagdadeko erasoen erantzukizuna Al Hasemik

Tarek al Hasemi Irakeko lehendakariordeak adierazi duenez, Nuri al Maliki lehen ministroa da ostegunean Bagdaden izandako erasoen erantzulea. Saddam Hussein berarekin ere parekatu du lehen ministroa Al Hasemik. Krisi politikoa pil-pilean, zatitzeko arriskuan da Irak

GARA |

Tarek al Hashemi Irakeko lehendakariordeak BBCren zerbitzu arabiarrari adierazi dionez, Nuri al Maliki lehen ministroa da ostegunean Bagdaden gertatutako eraso larrien erantzulea. Horrez gain, Al Malikiri Saddam Husseinen pare jardutea ere egotzi dio Al Hashemik.

«Gertatutakoak segurtasun neurrien administrazioan nagusi den kontrol eza azalarazi du; neurriok norabide desegokian bideratuta daude», adierazi du Al Hashemik, osteguneko erasoen erantzukizuna Al Malikirena dela gaineratu aurretik, «politiko abertzaleak jazartzen lanpetuta izateagatik». Ez hori bakarrik, Al Hashemik Ameriketako Estatu Batuetako «Foreign Policy» aldizkarian eginiko elkarrizketa batean nabermendu duenez, «Nuri al Maliki, tamalez, Saddamen jarrera asko errepikatzen ari da».

Lehendakariordearenak ez dira Al Malikik azken egunotan jasotako kritika bakarrak. Tarek al Homayed «Al-Awsat Arsharq» egunkari arabiar garrantzitsuko editore eta zutabegileak, Al Maliki «musulman xiiten Saddam» dela adierazi du. Moutlak Saleh diputatu sunitak, berriz, Al Maliki «Saddam bera baino okerragoa» dela esan du.

Krisi politiko larria

Ostegunean Bagdad astindu zuten hamabost erasoen aurretik -70 hildako inguru eta 200 zauritu baino gehiago eragin zituzten-, lehen ministro xiiak lehendakariorde sunitaren aurkako atxilotze agindua luzatu izanak eta Al Iraqiya bloke sunitak Parlamentua boikotatzea erabaki izanak krisi politikoa larriagotu dute Iraken.

Sunitek nabarmendu dutenez, Irakeko buruzagiek beren boto-emaileen ahotsa entzuten ez dutelako erabaki dute aurrerantzean Parlamentura ez joatea. Lehen ministroak, bere aldetik, parlamentari horiek ordezkatuko dituela aurreratu du.

AEB-en eskaera

Joe Biden AEBetako lehendakariordeak «elkarrizketa» eta «bide baketsuak» erabiltzeko deia egin dio Al Malikiri osteguneko erasoen ostean. Azken gertakariek herrialdeko egoera larria are eta gehiago okertu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo