GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Euskal Herriko futbolarien idatzia

Ofizialtasunaren alde, euskal futbolariak zoriontsu egiteko

«Gutako bakoitzak sentitzen duen kolorearen alde busti nahi dugu, gure nortasunaren arabera jokatu», diote.

p033_f01_148x68.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal Selekzioak datorren asteazkenean Tunisiaren aurka San Mamesen jokatu behar duen partida dela-eta, Euskal Herriko gizonezko futbolariek, Euskal Herria Kirola elkartearen bidez, idatzi bat kaleratu dute. Jarraian, oso-osorik argitaratzen dugu futbolarien mezua.

«Euskal futbolariok berriz ere hitzok idaztera eseri behar izan dugu, kezkaturik, haserre puntu batez, triste, iaz gure jokatzeko prestutasuna itzuli geniolako federazioari, eta trukean, ez dugulako aurrerako bide handirik ikusi. Abenduaren 28a badator, eta talde berri bat etorriko da bere kolorez jantzirik, baina guk munduan lehiatu ezinean segitzen dugu, ezin dugu txapelketa ofizialetan izerdirik atera, Euskal Herria ez da futbol zelaietan inor, eta gainera ez dirudi horrek Euskadiko federazioa benetan arduratzen duenik.

Lehen ere ez ginen akordio batera iritsi, ofizialtasun egiazkoaren bidean borondate seinale bat ikusi nahi genuen federazioaren partetik, ez genuen sumatu, hala ere jokatzera atera ginen, ez genuelako blokeo egoera hori betikotu nahi. Ez gara damutu, Euskal Herriak badu aldarri horren eszenifikazioaren beharra, selekzioaren amets horrek gure zelaiak beterik ikusteko beharra, biltzeko premia badugu, bildu eta elkarri sinesmena kutsatu, munduari ere gure gogoaren berri emanez oihu egin. Zoritxarrez oraingoz gehiagorako ez, baina horretarako balio du partiduak, eta berriz ere aterako gara jokatzera, aurten, abenduaren 28an.

Gure arrazoiak ez dira berriak. Guk, berdegunean, gutako bakoitzak sentitzen duen kolorearen alde busti nahi dugu, gure nortasunaren arabera jokatu, garen hori izan, eskubiderik oinarrizkoena, horixe behar luke futbol selekzio batek, ezer izatekotan. Selekzioa, hitzak berak esaten du, hautaketa bat da, edo hautaketa baten emaitza. Baina gu hauturik gabe utzitako jokalariak gara. Eraman egiten gaituzte, ezinbestez, bestelako koloreen alde egitera, Espainia aldera, edo Frantzia aldera, ezin dugu sentitzen dugun hori defenditu, aukerarik ez zaigu ematen, eta aukerarik gabe ez dago hautatzerik, eta hautatzerik ez bada zer esan nahi du selekzio hitzak? Guretzat, behintzat, ez du zentzu handirik.

Badakigu ez dela erreza, futbol zelaietatik kanpo irabazi beharreko partidua da, bide horiek bihurriak dira oso, baina saiatzea nahiko genuke, saiatu gabe ezinezkoa izango da. Eta guk sinesten dugu ez dela ezinezkoa euskal selekzio ofiziala lortzea. Agian, zaila izanagatik, inoiz baino errazagoa da, Euskal Herrian bakea lantzen ari da, eta bake horrek ate asko zabaldu ditzake nazio arteko organo ezberdinetan, gure ahotsa inoiz baino garbiago entzungo da. Balia dezagun aukera hau, ikararik gabe, euskal selekzioaren alde bidea urratzeko, bide horrek gure futbolariak, eta gure futbolzaleak, zoriontsu egingo lituzke, horixe ari gara, aspalditik, eskatzen».

Aduriz ere DEIALDIAN

Aritz Aduriz aurrelari gipuzkoarrak Euskal Selekzioarekin jokatu ahal izango du Tunisiaren aurka datorren asteazkenean, San Mamesen, Valentziak baimena eman eta gero. Hala, donostiarrarekin, 23 futbolari egongo dira azkenean deialdian. Asteartean entrenamendua egingo dute guztiek Lezaman, 17.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo