Musikeneko Adsax saxofoi laukoteak Higini Angles lehiaketa irabazi du
GARA | DONOSTIA
Musikeneko lau ikaslek osatutako Adsax saxofoi laukoteak Tarragonako Diputazioak antolatutako Higini Angles Ganbera Musikako VII. Lehiaketa irabazi du. Sariketa abenduaren 18an egin zen Reuseko Musika Eskolako eta Musika Kontserbatorioko Higini Angles auditoriumean.
Ganberako instrumentu taldeentzako Higini Angles sariketa (gutxienez bikoteek eta gehienez zortzikoteek har dezakete parte), lehiakideen adinaren arabera zehaztutako hiru kategoriatan egituratuta dago. Adsax taldeko kideek 21 eta 23 urte artean dituzte, eta C kategorian nagusitu ziren Musikenek jakinarazi duenez.
Marcos Martinez, Javier Blasco, Miguel Angel Garcia eta Oriol Pares Eric Devallon irakaslearen ikasleak dira eta Adsax laukotea osatzen dute. Taldea 2009. urtean sortu zen, musikazale porrokatuak diren gazteak elkartu zirenean. Hainbat agertokitan jo dute, besteak beste Musika Hamabostaldiko Interprete Gazteen Zikloan. Hemendik gutxira, Madrilgo Juan March Fundazioan egingo dute debuta.