GARA > Idatzia > Kultura

Juan Zelaia Saria, Eduardo Apodakari, norbera izatea zein zaila den azaltzeagatik

p042_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Pamiela argitaletxeak Eduardo Apodaka EHUko irakasleari eman zion atzo iluntzean Juan Zelaia XI. Saiakera Saria, «Norberaren autonomia krisian» lanarengatik. Kepa Altonaga, Inma Errea, Bixente Serrano Izko, Pilar Yoldi eta Jose Angel Irigarayk osatutako epaimahaiak zortzi libururen artean aukeratu du deustuarrarena. Hori bai, aurkeztutako saiakera guztien balio literarioa nabarmendu nahi izan du epaimahaiak, lanok gai aldetik anitzak eta interesgarriak izan direla goratuz.

Halakoetan gertatzen den bezala, Apodaka pozarren zegoen sariarekin, ez baitzuen espero. Liburuaren izenburuak dioen bezala, norberaren autonomia krisian dela uste du eta gai hori jorratu du, zergatiak bilatuz eta gaur egungo gizarteko harremanak nola ikusten dituen aztertuz. «Norbera izatea zein zaila den azaltzen dut. Liburua apur bat ezkorra da, baina bukaeran bada argia, beti dagoelako jendea autonomiaren alde lan egiten duena eta burua altxatzen duena». Gehiagorik ez zuen kontatu bukaerako argiaz, jakin-mina duenak irakur dezan.

Baina gaurko harremanez erran zuen berak kritika bat egiten duela, eta horretarako salatzen duen horri begiratzen diola: «Jendartea gero eta soilduagoa dago, besteak gero eta ezezagunagoak zaizkigu eta harremanak kontsumitu egiten ditugu, beste edozein produktu bezala. Horren sintoma bat da nola ugaritu diren lagunak egiteko enpresak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo