Ariane Kamio Kazetaria
Eta ohartu... ezetz, ez duzula haririk
Hariekin jolasarazi gintuen Joseba Sarrionandiak orain ez urte gehiegi. Norberaren hariez jabetzeko bidera eraman gintuen, lotzen gaituzten haiengana, besteengana eramaten gaituztenengana. Titerearenak dira, maitasunarenak, korapilatsuak batzuk, luzeak besteak, laburrak ere bai...
Haien kontra tiraka bizi garela ohartarazi zigun, hariak egokitzen, hariei kasu egiten, harien gatibu...
Nork bere burua harilkatzen duen heinean bizi da lotura, eta bilatzen ditugu loturak, bai, hariak arrantzuan bezala, amua nork harrapatuko sorrarazten ditugu gizabanakook. Eta sorrarazten dizkigute guri ere, armiarma sareak besteak harrapatzen dituen gisa. Tenkatzen ditugu hariak, eta lasaitzen, momentuaren arabera.
Amari lotu gintzaizkion lehenengo, eta munduari ondoren, halabeharrez. Familiari lotu gintzaizkion, ikastolei, jolasari eta lagunei. Errealitateak lotu gintuela ohartu ginen ondoren, berak luzatu zizkigula hari guztiak eta hala ikasi genuen bizitzen, hariz bilduta.
Sentimenduei harituta gaudela konturatu ginen nerabe ginenean eta korapiloak bata bestearen atzetik sortzen ikusi ditugu, urteetan zehar. Bat, bi, hiru, lau... Eta utzi genien korapiloei korapilatzen, Herreran, Curtisen, Fleuryn, Parisen, Logroñon, Langraizen, Anguleman, Puerton, Soton, Navalcarneron, Marseillan, Teruelen, Castellon, Basaurin, A Laman, Algecirasen, Darocan, Monterroxon, Clairvauxen, Ocañan, Estremeran, Alcalan, Valdemoron, Ourensen, Zueran, Bordelen, Lillen, Fresnesen... Eta zazpiehun haritik gora josi genizkion geure sareari. Eta gehiago Kuban, Venezuelan, Brasilen... munduari lotu gintzaizkion bigarrenez, eta jarraitzen dugu hirugarrenez, eta egingo dugu laugarrenez, biziraungo badugu. Baina Sarrik esan zigun... «Eman dezagun berrogei urtez horrela.../ eta bat batean ohartu ezetz,/ eguzkiaren edo ilargiaren errainuak bezalakoak direla,/ hariak,/ eta ez zaituztela lotzen,/ azkenean,/ azkenean ez duzula haririk». Eta arrazoi du.