Mikel Hernandorena | Corpus Hernandorenaren Sendia
Elkartasuna eta maitasuna Lekunberrin
Corpus Hernandorenaren gorpua agertu zenetik egun batzuk igaro ondoren, une zail hauetan sendiari eskainitako adore, laguntza eta lanagatik, publikoki eskerrak eman nahi dizkizuegu gugana bildu zareten guztiei.
Oso egun gogorrak izan dira: gure senide maitea bizirik aurkitu nahi genuen, eta larritasun jasanezina sentitzen genuen gure baitan. Egunak pasatu ahala, eta eguraldia kaskartzen ari zela ikusiz, itxaropena galtzen eta galtzen joan ginen.
Egun hauetan jaso dugun giza laguntzaren beroa behin betiko geratuko da gure bihotzetan: alde batetik, boluntarioek eta Lekunberriko, Larraungo zein beste hainbeste tokitako bizilagu- nek eskaini digutena; beste aldetik, suhiltzaileek eta Gizarte Babeseko kideek profesionaltasun handiz agertu digutena.
Maite zuena egiten joan zaigu gure senide maitea. Hura ez zen ohean hiltzekoa, eta ohi zuena egiten agurtu gaitu guztiok: larreetan eta mendian barna ibiltzen.
Mendian aurkitu izanak bakea eta lasaitasuna ekarri du bai etxera, bai herrira. Uste dugu, behin ehorzketa eta hileta egin ondoren, inolaz ere ez zuela asmatuko zer-nolako miresmena eta atxikimendua sortu duen bere azken bidaian.
Nola eskertu une hauetan gurekin izan zareten guztiak? Ez dakigu inoiz asmatuko ote dugun! Bilaketa egunetan sentitu dugun hurbiltasunak lagunduko digu sendatzen 2011ko abenduaren 11ko eguerdi horretan ireki zen zauria.
Zuri, Corpus maitea, hitz xume hauek eskaini nahi dizkizugu. Luzez bizi izan zarelako Bizitzak eskaintzen digun Jakindu- riaren iturritik edaten; azken egunera arte elkar maite duen sendia izan duzulako. Aldi berean, herri menderakaitz eta solidario baten partaide izan zarelako, zu bilatzeko ahaleginean eta zuri azken agurra ematerakoan bat egin duen herri baten partaide. Lortu zenuen pozik bizitzea eta senide guztiak alaitzea. Horregatik guztiagatik, jaso ezazu gure eskerrik sentikorrena.
Beti izango zaitugu gogoan, asko eman diguzulako, asko maitatu eta asko irakatsi. Eskerrik asko, Aita!
Amaitzeko, esan nahi dizuegu harro sentitzen garela zuek eta guk elkarrekin giza talde bat osatzen dugulako, borondaterik onenez bere laguntza eta elkartasun guztia eman duen giza taldea. Beste behin ere, eskertu egin nahi zaituztegu boluntarioak, larrialdi zerbitzuak, suhiltzaileak, txakurrekin aritzen den Erreskate Taldea, Gurutze Gorria, Lekunberriko Udala, DYA, komunikabideak... azken finean, egun hauetan zehar kezkaturik ibili zareten guztiak. Bene-benetan, bihotz-bihotzez esker mila.