Usurbilgo Itunak dio sei hilabeteotan alternatibak abiatzeko aukera dagoela
Hondakinen kudeaketa «une itxaropentsuan» dagoela uste dute Usurbilgo Ituneko eragileek, aintzat hartuta Gipuzkoako Aldundiak zabortegi kutsakorren garaiak gainditzeko azaldutako asmoa, 46 udalerrik gaikako bilketa eraginkorrenaren alde egindako apustua eta GHKren erabakia, errauste-plantaren proiektua sei hilabetez eteteko. «Sistema alternatiboak gauzatzeko eta Gipuzkoa garbiago eta osasuntsuagoa lor daitekeela» frogatzeko aukera paregabetzat jo dute.
Arantxa MANTEROLA | DONOSTIA
Gipuzkoako hondakinen «kudeaketa-ereduaren norabidea inoiz baino une itxaropentsuagoan» dagoela nabarmendu zuten Usurbilgo Itunaren ordezkariek, atzo Donostian egindako agerraldian.
Beren izenean, Usurbilgo alkate Mertxe Aizpuruak eta Errausketaren Aurkako Koordinadorako kide Mª Luisa Sanchezek hitza hartu, eta «oso garrantzitsutzat» jo zuten berrikitan Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) Partzuergoak errauste plantaren proiektua sei hilabetez eteteko hartutako erabakia, «gipuzkoarroi aukera ezin hobea eskaintzen digulako alternatibak gauzatzeko, beste errealitate bat lor daitekeela frogatzeko eta beste Gipuzkoa bat, garbiagoa eta osasuntsuagoa posible dela erakusteko».
Gipuzkoako Aldundiak «orain artean ezagututako zabortegi kutsakorrak gainditzeko» azaldutako konpromisoarekin bat egiten dutela gaineratu zuten, eta errauste planta, «izan handia edo txikia» bere ekinbideetatik baztertzeko asmoa izatea txalotu zuten jarraian.
Urrats horiei esker, eta gaikako bilketa sistema ahalik eta eraginkorrena eta konpostajea bultzatzeko Gipuzkoako 46 alkatek azaldutako xedeari esker, gipuzkoarrek orain arte izan ez duten aukera zabaldu dela nabarmendu zuten.
Hain zuzen, sei hilabeteko luzamenduak «Gipuzkoa osorako zero zabor programa baten abiapuntua» izan behar duela iritzita, eredu horiek gauzatzeko behar den laguntza emateko eskatu zioten Aldundiari.
Alderdikeriak baztertu
Bestalde, ekaina bitartean egingo dituzten azterketa, esperientzien konparaketa eta balorazioetan, «alderdikeriak baztertu eta gaiari ingurumenean eta osasunean oinarritutako irizpide teknikoen aldetik» hel diezaiotela eskatu zioten Gipuzkoako indar politikoei.
Usurbilgo Ituneko eragile politiko, sindikal eta sozialek lehenesten duten irizpidea «gipuzkoarren osasuna» dela gogoratuta, norabide horretan doazen sistemen alde lan egiteko konpromiso azaldu zuten.
Izan ere, konbentzituta daude gaia sakonki aztertu eta esperientziak neurtu ostean, «argiki» azalduko dela hondakinak errausteko beharrik ez dagoela. «Gaikako bilketa, birziklatzea, konpostatzea eta biometanizazioa ongi egiten badira, geratzen den hondakina minimoa da eta ez dauka errentagarritasun energetikorik», esan zuen Joxe Mari Irazusta Gipuzkoa Zero Zaborreko kideak.
Soberakin inerte horientzat zabortegiak beharko lirateke, «baina, dena den, errauste planta batek utziko lituzkeen soberakin kutsakorrak tratatzeko baino errazagoa eta merkeagoak izango lirateke», gaineratu zuen Mikel Izagirre Ezker Anitzeko hautetsiak.
Antzuola, Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo atez ateko bilketa sistema goraipatu zuten Usurbilgo Itunekoek, «egun emaitza onenak eta berehalakoak lortzen dituen sistema izateaz gain, merkeena eta lanpostu gehien sortzen duena delako». Halere, «eraginkortasun bertsua edo hobea» lor dezaketen beste edozein sistemarentzat «atea irekita» uzten dutela argitu zuten.
Hondakinen bilketa eta kudeaketa udalerrien eskumena dela argi utzi zuten Usurbilgo Ituneko ordezkariek, tratamendu-sistemaren plangintza Batzar Nagusiei dagokiela bezain garbi.
«Hori argi utzi duten epaiak badaude. Gertatzen dena da, orain artean izan dugun indar harremanarengatik bi erabakiguneak bat etorri direla gai horretan. Orain, ordea, gehiengo politikoak aldatu egin dira, eta litekeena da Batzar Nagusiek erabakitako plangintzaren eta mankomunitateetan bildutako udalen aukeren artean kontraesanak egotea. Horregatik diogu, elkar ulertu behar dutela, ezinbestean. Finean, arrazionaltasun kontua da», esan zuen Izagirrek. A.M.