GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako Musika Hamabostaldia saritu dute Greener Festival jaialdian

GARA | DONOSTIA

Donostiako Musika Hamabostaldia Greener Festival jaialdiaren seigarren edizioan saritu dute, 2010. urtetik ingurumenarekin duen konpromiso estuagatik. Jaialdia irabazi asmorik gabekoa da, 2006an sortua, musika eta arte jaialdietan eta publiko ugari biltzen duten topaketetan iraunkortasuna eta ingurumen-praktika egokiak sustatzeko eta bultzatzeko xedeaz.

Aurten Europa, Australia eta Ipar Amerikako 46 jaialdi saritu dituzte izendapen honekin, 2011. urtean zehar beren ingurumen-inpaktua murrizteko egindako «eginahal berdeengatik».

Saria eskuratu ahal izateko, jaialdi bakoitzak proiektu bat aurkeztu behar izan du, trafikoko planak eta hondakinak birziklatzeko eta kudeatzeko sistemak azalduz, baita ingurumen-ikuskaritzako txosten independente baten emaitzak jasoz ere.