GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Mailari eutsi nahi badiote, ezin dituzte huts asko egin

Avironek gaur Tolosan jokatuko du, eta Biarritzek bihar Toulon hartuko du.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Liga erdia joan da, eta euskal taldeen egoera ez da oso ona. Aviron hamaikagarren dago, jaitsieratik oso gertu, eta Biarritz, azkena, mailari eusteko gero eta aukera gutxiagorekin. Bigarren zati honetan esnatzen ez badira, inork uste eta pentsatzen ez duena gerta daiteke.

Avironek oso irteera zaila dauka, Stade Toulosainen zelaian jokatuko baitu gaur 21.00etan. Okzitaniako taldea sailkapeneko lehen postuan dago, eta Liga irabazteko faborito nagusia da. Lehen itzulian, ordea, euskaldunek irabazi egin zuten, eta gaur beste ezuste bat emateko prest eta gogoz daude.

Badakite, ordea, hori lortzea oso zaila dela. Tolosak Baionan galdu eta gero beste porrot bat besterik ez du izan, eta berdinketa ere bakarra, gainerako guztiak irabazi egin ditu. Talde oso sendoa dauka. Indar askoko aurrelariak ditu, eta atzean ere sendo aritzen dira. Hegalak ere ongi baliatzen dituzte, eta baloia eskura jokatzerakoan edo ostikoekin ere, ongi aritzen dira.

Baionarrek puntu bat lortuko balute, oso garrantzitsua izango litzateke, baina hori bakarrik lortzea ere ez da erraza izango. Horretarako, defentsan sekulako lana egin beharko dute, edo bestela, erasoan. Gaur galtzen badute, eta gertuen dituzten atzeko bi taldeek irabazten badute, Lyonen kasuan bonus eta guzti, jaitsieran sartuko dira.

Baionan baino askoz ere okerrago daude gauzak Biarritzen. Lehen itzuli negargarri baten ostean, bigarren itzuli ona egin beharko dute; bestela, datorren urtean Agilerakoek Pro 2 mailan jokatu beharko baitute.

Zuri-gorriek bihar etxean jokatuko dute, 16.15ean hasita Toulonen aurka. Aurkari gogorra izango dute, frantziarrak sailkapeneko hirugarren postuan baitaude 39 punturekin. Orain, ordea, berdin dio aurkaria hirugarren egon edo hamargarren egon. Orain Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek puntuak launaka batu behar dituzte, eta ahal bada bosnaka, eta ahalik eta azkarren hasita, gainera; bestela, erantzuten hasteko oso berandu izango baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo