DOSSIER 2012 | EUSKAL HERRIA: GATAZKA BAT, BI ESTATU
Ezkerreko abertzaletasuna batzeko engaiamendua
AHTren burdinbide berriaren proiektua, hauteskundeak, erakundeen erreforma, eta jakina, egoera ekonomikoa. Horiek dira 2012an Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako panoraman gori-gorian izango diren gaiak. Gatazka konpontzeko Paris bidea urratzen hasiko ote den eta ezkerreko abertzaleak akordio estrategikoa adosteko gauza izango diren. Horratx urte berria markatuko duten beste bi itaun.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Urtea joan, urtea etorri, Lapurdiko AHTren proiektua aspalditik mahai gainean dagoen kontua bada ere, datozen hilabeteak erabakigarriak suerta daitezke afera honetan. Izan ere, aldaketa nabarmenak jazo dira azken asteetan, batez ere burdinbide berriaren eraikuntza baimentzeko ardura duten zenbaitengan. Estatuak, Akitaniako Prefektuaren bidez, Tren Garraioaren Behatokia abian jarri du, RFF trenbide sarea kudeatzean duen enpresa publikoak linea berriaren premia argudiatzeko erabili dituen aurreikuspenak egiaztatze aldera. Duela aste batzuk, Ingurumen ministroak Hego-mendebaldeko AHT ardatzaren bide- ragarritasun ekonomikoa zehazki neurtzeko, azterketa independente bat egiteko aukera aipatu zuen.
Halere, horrek ez du esan nahi proiektua ofizialki bertan behera utziko dutenik, erakunde askok -Akitaniako Kontseiluaren gehiengoa, esaterako- presio itzela egiten ari baitira gauzatu dadin. Baina litekeena da oso, geldotasun fase batean sartzea.
Egoera ekonomikoa, pobreziaren emendatzea, enpresen itxierak eta lanpostuen galera, Ipar Euskal Herriko biztanleentzat ere kezka iturri izango dira. Bertako egitura ekonomikoaren ezaugarriek krisiaren eragina beste hainbat lurraldetan bezain bortitza ez izatea ahalbidetu dute azken urteotan, baina ondorio kezkagarriak nabaritzen hasi dira, bai nekazaritza sektorean, bai industria esparruan, eta nola ez, turismoarekin lotutako jardueretan ere bai.
Bestalde, hauteskundeek agenda politiko-soziala baldintzatuko dute erabat, iparreko euskal lurraldeetako herritarrek bi hauteskunde hitzordu izango baitituzte aurten. Bata, maiatzean errepublikako presidentea hautatzeko eta, bestea, hilabete bat geroago, Asanblea Nazionaleko diputatuak berritzeko.
Ohi moduan, interpelazio eta eskakizunak egiteko aukera ez dute galduko gizarte eragileek. Aldarrikapen horien artean, Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionalarena bereziki presente izango da. Emeki-emeki erakundeen erreforma plantan jartzeko Estatutik egiten ari diren urratsak bozen emaitzen baldintzapean daude. Eliseo jauregiko maizter berria nor den, zerikusi handia izango du horrek gai honetan, egun agintea daukan UMPren proiektu hori ez baitu begiko agian ordezkatuko duen PSk.
Aitortza instituzionala
Dena dela, eztabaida hori eguneroko ogia bihurtuko da panorama politikoan. Departamenduaren eskuduntzak murriztu egingo dira eta egun indarrean dagoen pays egitura urtuta geratuko da. Horrenbestez, Ipar Euskal Herriko ezagutza minimo hori ere galdu egingo da.
Egoera horri eman beharreko alternatiba, Garapen Kontseiluko mahai gainean ez ezik, beste esparru askotan ere egongo den kontua da. Departamenduaren eskaera gaindituta, Batera plataforma lurralde elkargo baten aukera jorratzen ari da. EAJ-PNBk antzeko zerbait proposatzen du, lurralde kolektibitateak sortzeko legeriak ematen duen aukerari helduta. Ezkerreko abertzale askorentzat autonomia estatutua da lurraldea aitortzeko eta derrigorrezko eskumen minimoak eskuratzeko bide egokiena.
Planteamendu ugari eta batasun gutxi Parisi begira. Horretaz jabetuta, eta ezkerreko oinarri abertzalearen akuilua saihestu ezinik, ABk eta Batasunak zenbait alor estrategikotan -tartean aitortza instituzionalarena eta bozetan EHBai aukera hobestearena- adostasunaren bidezidorra hartzeko parioa egin dute. Ez hori bakarrik, adostasun eremu hori beste sektoreekin (Batera, Autonomia Eraiki, EA...) lantzeko prest azaldu dira.
Bistakoa da bidea ez dela erraza izango, kontraesanak eta urteetako ezinikusiak gainditzeko borondate asko beharko dute eta, hori ez da egun batetik bestera erdietsiko. Baina Euskal Herriak bi estatuekin duen auzian bidea elkarrekin egin behar dutela jabetzen hasi dira.
Gainera, Parisek temati mantentzen duen ukazio jarrerari aurre egiteko eta konponbidearen prozesuan sarrarazteko, ezkerreko abertzaleek ezinbestekoa dute, baita Ipar Euskal Herrian ere, biltzea.
Ez hori bakarrik. Proiektu politiko abertzalea indartzeko bidean, ariketa hori primeran datorkie eta baita 2014ko tokiko hauteskundeetan egungo eragin instituzionala areagotzeko. Apustu galanta, zalantzarik gabe, egungo une politikoak eta biharko Euskal Herria eraikitzeko egitasmoak eskatzen duen ardura bezalaxe.
Errepresioaren arloan egindako elkarlanak, batez ere euroagindu eskaeren inguruan, konponbiderako indar metaketa ahalbidetu du. Gatazkaren parte dela-eta, gero eta eragile politiko, sozial eta sindikal gehiago ari dira exijitzen Parisi irtenbidean inplikatzeko.