GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Presoen aldeko aldarria, euskal herritarren aldarria

Atzo, hileko eta urteko azken ostirala, milaka herritar elkarretaratu ziren Euskal Herriko plazetan euskal preso politikoen alde, urte askoan erakutsi izan duten erabakimenari eutsita. Urte asko baitira ostiraleroko eta bereziki azken ostiraletako agerpen horiek hasi zirela, euskal gizartean gero eta errotuago dauden sentimenen eta eskubideen aldeko eskaeren adierazgarri. Aldarri horrek Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial gehienen atxikimendua du. Atzo Gernikako Akordioak Gobernu espainolari dei egin zion presoen auzian pausoak eman ditzan. Asteazkenean, berriz, ezker abertzaleak ere gauza bera eskatu zien estatuei, bai arrazoi humanitarioengandik bai politikoengandik. Nazioartean gero eta argiago ikusten dute Aieteko Adierazpenaren bide orriaren araberako pausoak eman beharra, gatazka zahar bati eman beharreko irtenbiderako ezinbestekoak baitira. Iragan urtarrilean euskal presoen aldeko aldarriak urrats handia egin zuen Bilboko kaleetan, eta ate joka dugun urtarrilaren 7a ere giltzarri izango da aldarri horrek bidea egiten jarrai dezan, Grande-Marlaska epaileak adierazpen askatasuna urratzen duten baldintzak ezarri dituen arren. Begien bistakoa da epaile horren jarrerak arduragabekeria nabarmena erakusten duela -ezarritako baldintzak bete ezean milaka lagunen aurka oldartzeko agindu du-, baina, horrez gain, konponbideen kontrako norabidean ere badoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo