GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Jon Maia Bertsolaria

Maria Jesus urtarrilaren 7an

Maria Jesusek 92 urte ditu eta jaiotzez gorra den arren, bakarrik bizitzeko gai da oraindik. Bere bizkarrean adinaren ajeak baditu ere, Maria Jesusek tirriki-tarraka bere eguneroko bizitza egiten du. Adinari eta gortasunari gabezia bat gehitu behar dio emakume honek. Orain, Gabonetan, familiako guztiak elkartuko dira. Guztiak, bat izan ezik. Semea preso du Maria Jesusek, Patxi, Joxe Manuel etxekoentzat. Pasa den astean hogei urte bete ditu kartzelan, sasian pasa dituen urteez gain. Urte hauek gehienak, Espainian zein Frantzian etxetik urrun egin ditu Patxik. Hori du Maria Jesusek gabeziarik handiena: sakabanaketak eragindako semearen urruntasuna. Baina emakume honek horri ere aurre egiten dio.

Ez da etxean geratzen. Bere semea ikusi nahi du. Ama da eta inork baino eskubide handiagoa behar luke horretarako. Bere 92 urteekin ahal duen guztietan joaten da bisitan, orain arte egin duen bezalaxe, dagoen lekuan dagoela. Ama da. Azken bisita, ordea, galdu egin zuen, hilabete pasatxo izango da. Ondoezik zegoen, kili-kolo, eta Topaseko centro penitenciariorako bidaia, Salamancara, luzea da. Luzeegia 92 urteko amonarentzat. Baina soberan dago esatea sakabanaketa politika horretarako diseinatua dagoela: senideen eta lagunen gaixotasunak, ezinak edota adinak baliatzeko sortutako kartzela-politika da. Distantzia eta ahalegina handitzeko eta zailtzeko pentsatua dago, bisitak eta harremanak ezinezko bihurtzeko. Are gehiago, haizea, euria, izotza, beroa eta gaua eurak ere presoa eta bere familiaren arteko bisitaldian oztopo bihurtzeko diseinatuta dago sakabanaketa... Ez du ageriko beste arrazoirik presoak beren bizilekuetatik eta senideengandik urruntzeak presoaren bizitza eta bere sendiarena zailagoa eta krudelagoa bihurtzea baino. Eta horrela, sendi oso batean, jendartean, pipia egurrean legez tristura eta etsipena zabaltzea, presoarenganaino iritsiko den pipia, noizbait damutuko den, era batera edo bestera eroriko den itxaropen demokratikoan. Hori denok dakigu. Eta batez ere, diseinatu eta defendatzen dutenek dakite. Badakigu, badakizue, badakite.

Europako estaturik handienetako baten legedirik ankerrena proiektatzen da 92 urteko Maria Jesus amona txikiaren bizkarretan, adinaren bihotz nekatuan. Bulegoetako eta parlamentuetako sakabanaketaren ingeniariek ondo kalkulatuta dute Maria Jesus guztien adina eta ezintasuna. Presoaren isolamendura eta urruntasunera jaurtikitako balak bihurtu nahi dituzte amonak.

Baina herri honetan beti ditugu adibide miresgarriak: amona honek aurre egiten dio Estatuaren makinariari. Horrela da, ez diot erretorika hutsean. Hogei urte eta gero ere eutsi egiten dio demari: bere semea ikustera joateko gai da. Ezin duenean ez da joaten eta sufritu egiten du. Egunak behar izaten ditu bisita galduaren disgustua pasatzeko. Badaki ez dituela aukerak soberan. Badaki denbora bere aurka duela. Estatuak ere badaki hori. Estatuak Maria Jesusen aurka baliatzen du denboraren joana. Dema horretan dago gaurko egunean ere: Estatuak ez du pausorik ematen. Sakabanaketari eutsi eta denbora luzatu nahi du, bizitzak agortu nahi ditu gelditasun kalkulatuan. Bakerako bidean ere, Estatua pizti aseezina da, kalkulatzailea eta hotza. Ez zaio nahikoa iruditzen kartzela, gehiago nahi du.

Duela bi aste Patxi semeari bisitari zerrenda berria ukatu zioten. Maria Jesusek momentuz suertea izan du, bera onartutako zerrendan dago. Baina pasa den astetik soka estutu egin du Estatuak: Patxik Olentzerotarako jostailuak zeuzkan, bere bi semeei vis a vis-ean emateko, baina jostailuak hartzen eta paperean biltzen utzi bazioten ere, bisitara eramateko prest zituela ez zioten umeei jostailurik ematen utzi. Estatuak badaki non egin min. Estatua, argi da, berandu dator garai berrietara. Umeen amari ere ez zioten umeentzako askaririk ez eta urik ere sartzen utzi Gabonetako bisita berezia izan behar zuen horretan. Askaria eta ura esan dut, bai.

Guk hurbilekoak garelako jakin ahal izan dugu. Zein arrunta bihurtu zaigun krudeltasuna gure eguneroko bizitzan! Zenbat horrelako ez ote dira gertatu Gabon hauetan, urte osoan, azken hamarkadetan... demokraziaren izenean, legearen izenean, «presoak bergizarteratu daitezen», bai. Ez dago ankerkeria gaiztoagorik legearen anparoan egiten dena baino. Legezko krudeltasuna baino. Tortura baino.

Eta hala ere, zuei, krudeltasuna areagotzeko legediak sortzetik bizi zareten parlamentari eta profesionalei honakoa esaten dizuegu: guk bai, guk egingo dugun gizarte berrian, eraikitzen ari garen garai berrian, guk utziko dizuegu bergizarteratzen. Eta paradoxa bat bada ere, zuek urteetan egin dizkiguzuen ankerkeria guztiei esker garatu ditugun baloreak erabiliko ditugu horretarako: duintasuna, elkartasuna, ahalegina, kolektibotasuna, justizia... Hain zuzen ere sakabanaketa bezalako ankerkeriei aurre eginez bizi behar izan dugulako, ez gara zuek bezalakoak, eta hori zuentzat ere ona izango da etorkizunean. Guk, herri hau bakean, justizian eta askatasunean ikusi nahi dugun guztiok, ez dugu nahi sakabanaketarik eta torturarik zuentzat. Eta zuen amek, lagunek ere... ez dute zuek egindakoaren ardurarik. Zuek ere ez duzue merezi egiten diguzuena. Zortea duzue, gurekin elkarbizitzera kondenatuta zaudete. Zuek zaretenaren aurkakoa izan nahi dugu eta zuek ere zaretenaren aurkakoa izatea nahi genuke.

Eta halaxe gara. Minaren aurrean, pizti aseezin, kalkulatzaile, erraldoi eta hotzaren aurrean, hor dago bera, Maria Jesus amona txikia. Semea ikustera joan berri da aste honetan, beste behin. Bisita aurreko asteetan urduri jartzen da, ez du nahi izaten inolaz ere galtzerik. Katarro bat dela, ezusteko minen bat... nahikoa izan daiteke semearekin egoteko aukera galtzeko. Indarra duen bitartean joango dela dio ama egoskorrak. Isil-isilik joaten omen da autoan, kopilotu, aldiro gorputza mailatzen dion zortzi orduko joan-etorrian. Egoskorkeria, ze arma ederra! Maitasuna, ze arma ederra! Justizia, ze arma ederra! Ama izatea, ze arma ederra! Maria Jesus, ze amona ederra!

Estatuak ezin izan dizue irabazi, era guztietara saiatu den arren, semea hara eta hona mugitu duen arren, zure gorputzari milaka eta milaka kilometro sartu badizkio ere, ez dizue irabazi. Eta hori ona da. Krudeltasunaren legeek ez dute inoiz irabazi behar, ez Auschwitzen, ez Gazan, ez Ameriketako Estatu Batuetan, ez Txilen, ez Salamancan. Estatuari irabazten ari zara Maria Jesus, zu eta gainerako ama, aita eta amama eta aitona guztiek eta zuekin batera, etorkizuna izango da irabazle. Haiek kentzen dizkiguten bezalaxe, zuek gizakiarengan sinisten jarraitzeko arrazoiak ematen dizkiguzue.

Izan ere, ez duzu inoiz gorrotorik edo errarik adierazi zu eta zure semea gain-zigortu, iraindu, edo mespretxatu zaituztenekiko. Ez eta horren guztiaren aurrean ezikusiarena egin duten zure herritarrekiko. Ez zara tentazio zilegi horretan erori. Zuk hala izan nahi gabe ere, badugu zer ikasi zugandik. Guk eta gatazkaren ondorioak pairatu dituzten guztiek jarrera hori bagenu, zimendu sendoak jarriko genituzke elkarbizitza berri bat eraikitzeko. Amama txikiaren zimendu sendoak.

Badakit zu ama baino ez zarela sentitzen, ez zara heroia, ez zara militantea, zu hiltzen zarenean ez zara «gatazkaren zerrenda gatazkatsuetan» aterako. Ama zara eta zure ama senak agintzen dizuna baino ez zara egiten ari. Baina, zure pauso txikietan aurrera eginez, iraganari irabazten ari zara. Etorkizuna irabazten ari zara.

Zu eta Maria Jesus guztiekin egingo dugulako herri hau, zuek erakutsitako baloreak dira biharko gure ondarerik preziatuena. Zu eta zu bezalako amonak zarete noizbait herri hau gidatuko duten izen handien eredu, ispilu. Eta hau esango dugu: ez zuten ezer egin, ama izan ziren. Eta Europako bi estaturen ankerkeriari eta sistema politiko-judizial-militarrari irabaziz, gorrotoaren maletarik gabe, burua tente aro berrirako atea zeharkatu zuten.

Gaur urtarrilaren 31 da, beste urte bat pasa da. Egun bereziak izaten dira hauek, oroitzapenez beteak. Sentimendu asko pilatzen dira. Espero dut gau polita igaroko duzuela sendian, etxean. Euskal Herriko kaleetan hotz egiten du, kartzeletako hotza da. Baina garai berri baten atari epelean gaude, sentitu dezakegu eta estatuak atzetik badatoz ere, badatoz. Eta beren gerra estrategia guztiekin iraganean ainguratuta geratu nahi badute ere, denboraren mareak etengabe aurrera doaz eta gu, zu, beraiekin. Denborak ez daki atzera egiten, eta guk, historian aurrera egin nahi dugunok ere ez dugu atzera egingo. Horregatik, urtarrilaren 7koa zure egoskorkeria, maitasuna eta justizia nahia bezalakoa izango da. Eta zure pauso txikiekin kalean zoazela, parean pasatzen zarenean ikusten duguna irudikatuko dugu Bilbon: erraldoia izango zara, kolosala. Egun horretan, herri honen gehiengoak Bilbon zu bezalakoei eta gure eskubideei forma emango diegu eta zu baino gorrago dauden estatuen aurrean jarriko gara bakezko eta askatasunezko etorkizunari begira. Zutik eta erraldoi. Zu bezala Maria Jesus. Muxu handi bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo