Hipoteka ordaintzerik ez dutenekin Kutxa izaten ari den jarrera salatu dute
GARA | DONOSTIA
Bere etxetik kaleratzeko zorian dagoen 80 urteko bikote baten kasua salatzeko, 50 lagun inguruk elkarretaratzea egin zuten atzo Kutxako egoitza nagusiaren aurrean, Donostian.
Bertan zen ere bikotearen alaba Mari Carmen Marquez, gurasoak lagundu nahian bere etxebizitza saldu behar izan duena. Gurasoek beste seme bat laguntzeko asmoz hipotekatu zuten beraien etxea, baina alabaren etxearen salmentarekin lortutako dirua ez da aski izan 200.000 euroko zorra kitatzeko. Horrenbestez, kale gorrian geratzeko arrisku bizian dira bi erretiratuak.
Stop Desahucios Gipuzkoa plataformak elkartasuna adierazi nahi izan zion atzo Marquez sendiari. Plataformako bozeramaile Mikel Sanchezek gogor kritikatu zuen Kutxaren jokamoldea: «Bere gizarte ekintzaz, Onkologikoaz edota gipuzkoar guztion aurrezki kutxa izateaz harro azaltzen da, baina, egiazki, errealitatea oso bestelakoa da».
Mikel Sanchezen esanetan, Kutxak bere balioaren %60an eskuratu zuen bi erretiratuen etxebizitza, «nahiz eta gehiago ordaintzeko prest zegoen beste erosle bat tartean izan».
Espekulatzeaz gain, zailtasunean dauden pertsonekin «inolako adeitasunik» ez izatea leporatu zion Sanchezek Kutxari. Gurasoen etxearen jabetza eskuratu eta 400 euroko alokairuaren truke bertan bizitzen uzteko proposamena egin zion azaroan Kutxari Mari Carmen Marquezek, baina oraindik ere ez du inolako erantzunik jaso.
Atzoko protestaldiaren harira, Kutxako arduradun batekin hitz egiteko aukera izan zuen Mikel Sanchezek. Irtenbide bat bilatzeko Mari Carmen Marquezekin bilduko direla agindu zioten.
Zerga salbuespena
Gipuzkoako Ogasun eta Finantza Departamenduak foru arau bat aldatzeko proposamena egingo du datorren urte hasieran Batzar Nagusietan. Pertsona bati ohiko etxebizitza desjabetzen badiote, Hiri-Lurren Balio Gehikuntzaren Gaineko zerga ordaindu beharrik izan ez dezan lortu nahi dute aldaketa horrekin.
Ogasun eta Finantza Departamentuaren ustez, «ez da bidezkoa ohiko etxebizitza galdu duen pertsona batek halako zerga bat ordaindu behar izatea; kontuan izan behar da, gainera, litekeena dela zorra bera kitatu gabe ere izatea oraindik». Etxebizitza galdu duenak etekinik jaso ez duela argi dagoela ere gaineratu du.