«XVI. mendean euskara Espainia osoan egiten zela genion euskaldunok»
Idazle eta hizkuntzalaria
Koldo Zuazo Eibarren jaio zen eta hizkuntzalaria, EHUko Dialektologiako eta Euskararen Soziolinguistikako irakaslea eta euskaltzain urgazlea da. Horrez gain, idazlea ere bada eta horren erakusle da kaleratu duen azkenengo liburua: «Nire buruaren alde» (Alberdania, 2011). XVI. mendean kokatutako eleberria da eta Martin Garaigordobilen gaztaro zein helduaroko bizipenak kontatzen ditu.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Euskara maite duen gizona da Koldo Zuazo eta bere lanbidea ere gure hizkuntzarekin estuki lotuta dago. Literatura munduan hau du bere lehen nobela, «Neure buruaren alde» (Alberdania). Esperientzia polita izan dela aitortu du Zuazok, baina ez daki jarraipenik izango duen edo ez.
1574. urtean, heriotza ate joka duela igarririk, bere bizitzan gertatukoak idaztea erabakitzen du Martin Garaigordobil eleberriko protagonistak. Gasteizen lanean zela, kapitain militar bat hil eta Indietara egin zuen ihesi. Hala ere, han ez zuen bilatutako lasaitasuna aurkituko.
Nondik datorkizu historia eta euskarekiko maitasuna?
Hizkuntzarekin eduki dudan hartu-emana ez da izan beti gozoa. Eibarren jaio nintzen eta, gazteak ginela, 60ko hamarkadan, euskaraz hitz egitea gaizki ikusita zegoen. Baserritarren eta jende basati eta atzeratuaren hizkuntzatzat geneukan. Gero, Bilbora ikastera joan nintzenean, euskara ona antzinako Lapurdikoa zela sartu zidaten buruan. Arazo horiek gainditu nituenean etorri zen maitasuna; ondo kostata, beraz.
Nola bururatu zitzaizun liburu hau idaztea?
Ezustean gertatu zen. Arabako euskara aztertzen jardun dut luzaroan, eta, bestetik, Ameriketako euskaldunek zer eta nola hitz egiten zuten jakiten ahalegindu naiz. Eta horretan nabilela, hainbat gauza ikasi ditut, bai Euskal Herriaz bai Amerikaz; egun batean, oporretan nengoela, bi jokaleku horietan pertsonaia batzuk eta istorio bat sortzea bururatu zitzaidan.
Zer dela eta joan zara XVI. mendera istorio hori egiteko?
Amerikako konkista oso gertakari esanguratsua izan zen, eta espainiarrek nola jokatu zuten ikustea ere garrantzitsua da. Bestalde, XVI. mendean euskara bizirik zegoen Gasteizen. Ordukoak dira hango euskararen gaineko lehen eta azken albisteak, eta Arabako euskarazko izkriburik esanguratsuenak ere ordukoak dira. Garai egokia iruditu zitzaidan neure istorioa kokatzeko.
Hizkuntzak leku berezia dauka nobela honetan.
Espainiarrek Ameriketan erakutsi zuten jokabidearen aurka agertzen naiz, hango hizkuntzak baztertu eta gaztelania goitik behera ezartzen ahalegindu zirelako. Nobelako lagunek, berriz, ez dute holako jarrera itxirik hartzen, bakoitzak berea naturaltasunez erabiltzen du eta bestearena begirunez ikusten du.
Ardura berezia izan duzu erabilitako euskararekin.
Euskara dela eta, erabaki jakin batzuk hartu ditut. Alde batetik, gaur egungo euskara erabili dudan arren, XVI. mendeko hitz eta esapide gutxi batzuk sartu ditut. Bestalde, hitz berriak baztertzen ahalegindu naiz. Esate baterako, XX. mendearen hasieran garbizaleek asmatu zituzten hitzak saihestu ditut.
Liburua euskara batuan dago, baina batua 1964. urtean sortzen hasi zenez, nobelako pertsonaia bakoitzak bere euskalkiko hitzak eta egiturak erabiltzen ditu. Gehienbat mendebaldeko eta erdialdeko euskalkiak agertzen dira.
Liburua irakurtzean badirudi hitzekin jolastea gustuko duzula. Aranjuezko kasuan adibidez, izenaren jatorria azaltzen duzu. Zure jolasa da?
Bai. XVI. mendean, baita geroago ere, euskara Espainia osoan egiten zela esaten genuen euskaldunok, eta Espainiako toponimoak euskararen bidez azaltzen ahalegintzen ginen. Ohitura horri jarraituz, «Aranjuez» hitza «haran» eta «urez» hitzak batuz sortutakoa dela dio nobelako pertsonaietako batek. Hori bezala, beste hitz batzuk ere asmatu ditut. Esate baterako, gazteek, lagunartean daudenean, prostituzio etxeei «andretxeak» deitzen diete.
Eliza ez duzu toki onean utzi. Dokumentatuta daude liburuan jasotako gertakariak?
Nahitaez agertu behar zen eliza. Eragin handia zeukan XVI. mendeko Espainian, eta Ameriketan ere eragin handia eduki zuen. Nobelan lau apaiz eta jesuita bat azaltzen dira. Jesuita indiarren alde eta Espainiako konkistatzaileen gehiegikerien aurka agertzen da. Apaizetako bi ere herritar xehearen ondoan agertzen dira. Baina beste bi sexu harremanetan nahastuta daude eta horiek lortzeko edo isiltzeko edozein bilaukeria egiten dute. Jakin dudanez, apaizez gainera, lau erlijio ordena ibili ziren Ameriketan: jesuitak, frantziskotarrak, dominikoak eta agustinoak. Erakunde bezala, denek babestu zuten konkista, baina jesuita eta frantziskotarren artean asko jarri ziren indiarren eskubideen alde.
Zer da egia eta zer zeuk asmatua nobelan?
Jokalekua benetakoa da neurri handi batean, eta horietan dabiltzan lagunak eta istorioak nik asmatutakoak. Lau jokaleku daude: batetik, Gasteiz eta Euskal Herria; bigarrenik, Sevilla eta Cadiz; hirugarrenik, Espainiatik Indietarako bidea, eta, laugarrenik, Indietako bizimodua. Hori, gehienbat, historia liburuetan aurkitutako albisteekin josi dut. Gainerakoa, asmatutakoa edo erdi asmatutakoa da; izan ere, askotan neuk bizi izandako gertakarietan oinarritu naiz.