HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Kotoi artean batuta
Asun AGIRIANO
Aurten haur eta gazte literaturak eman dituen libururik azpimarragarrienak orri hauetara ekartzen saiatuko naiz, urtea amaituta, atzera begiratzeko garaia izan baitaiteke.
Hemen liburu askoren (baina ez guztien) irakurketa pertsonala eta balorazio laburra aurkituko dituzue. Halere, zerrenda honek ezin du norberak zuzenean egindako irakurketa ordezkatu, zerrendak orientagarriak baitira.
Esan gabe doa artikulu honetan ez daudela liburu guztiak, abenduan argitaratutako batzuk oraindik irakurri barik ditudalako. Alabaina, lanari ekin diogu urtean zehar oharkabean pasa diren liburu batzuek leku propioa har dezaten, eta tokia izan duten beste batzuk gogora ditzagun.
Haur txikientzako liburuen artean sailkapen hau egin dugu:
Objektu liburuak: Haur txiki-txikientzat eginak, non diseinuak garrantzi handia duen -testuak eta irudiak bezainbeste- eta, normalean, funtzio ludikoa nagusia den, hots, dibertimendurako eginak, igarkizunak asmatzeko, ezustekoak emateko, oinarrizko kontzeptuak irakasteko (zenbakiak, koloreak eta abar). Hemen kokatzen dira, adibidez, Yusuke Yonezuren «Ortzi kameleoia», «Bost sagar txiki» edo «Formekin jolasten liburuak». 2 urtetik aurrerakoentzat egokia izan daitekeen bilduma.
Irudi liburuak edo album ilustratuak: Kontakizunak marrazkien bitartez gauzatzen dira, narrazioan irudiek pisu eta indar handia dutelako. Hemen dugu, esaterako, Oliren Arturo txitoaren istorio zoragarria, marrazki bikain eta kolore goxo eta deigarriekin.
Haurtzaroko herri ipuin gogokoenetariko bat «Hiru txerrikumeak» dugu, gurasoek mila eta bat aldiz kontatu beharrekoa. Aurten Helga Banschen marrazkilari apartaren eskutik etorri zaigu Raquel Mendezek egokitutako herri ipuin ezaguna.
Biak ere 3 urtetik aurrera kontatzeko aproposak.
Ipuin eta alegia klasikoak, poemak, kantak eta igarkizunak: Poemak, kantak, aho-korapiloak, antzerkia egiteko gidoi laburrak, txisteak eta abar luze bat. Horrela datorkigu «Maria Goikoarenak Batbihirulau», euskal tradizioa oinarri, Anjel Lertxundik bildutakoak, eta Antton Olariagaren estetika eta irudi ausartak. Asmo ludiko eta jostalaria duen berrargitalpen honek lau liburu biltzen ditu batean. Hitzen eta irudien arteko lan ikaragarria, eta 1984-1986 urteetan argitaratua izan arren, oso liburu iradokitzailea eta gaurkotasunik galdu ez duena. 4 urtetik aurrera.
Lehenengo irakurleak: Irakurtzen hasi baina oraindik helduaren laguntza behar duten haurrak , 5 eta 8 urte artekoak. Horientzat egokia izan daiteke «Osaba Elefante» ipuin bilduma. Arnold Lobelen ipuinak klasikotzat hartzen dira haurrak barnean galdera gordinak dituen adin honetan. Babesa eta konpainia eskainiko dizkizue liburu zoragarri honek.
Irakurle sendoak
«Txan fantasma»: Zerrenda guztietan agertzen den ezinbesteko liburua da, irakurle askoren memorian iltzatuta geratu den istorioa. Jendea ikaratzeaz aspertuta dagoen fantasma baten kontakizuna dugu, eta, tartean, bakardadea, ezberdin izatea, adiskidetasuna... Haur literatura modernoaren ikurra edizio berri batean.
«Pinotxoren abenturak»: Edizio ilustratu dotore batean datorkigu klasiko unibertsal hau, Jokin Mitxelenak propio egin dizkion marrazkiekin. Agustina Pontestak itzulia zuen 1987an, eta Koldo Biguri eta Garazi Goikoetxearen bertsioa dugu oraingoan, lan hura ardatz hartuta. Gazte zein helduen arreta piztuko duen narrazio zirraragarria eta urte amaierako harribitxi bat.
Biak ere 9 urtetik aurrerako irakurleentzat.
Gazteak
12 urtetik aurrerako irakurle potentzialei begira, komikia erakargarria da. Euskal Herrian argitaratzen diren komikiak gutxi izan arren, abenduan, hain zuzen ere, generoaren zaleek bi adibide on izan dituzte. Batetik, «Azken garaipena» Iban Zaldua eta Julen Ribasen lan bikaina (ikusi GARA 2011-12-10), eta, bestetik, «Indianoa» Gregorio Muro Harriet-en gidoiarekin eta Fructuoso-ren irudiekin osatutako komikia. Biek dute akzioa eta erritmo bizia, testuinguruak oso ezberdinak izanagatik. Abentura komikia da «Indianoa», eta komiki klasikoen oihartzuna du: bidaia, traizioa, mendekua, diruzalekeria... HABEko «Mik» aldizkariaren ekimenez sortu zen 1985ean, eta urte amaiera honetan berreskuratu ostean, eskuan dugu berriro.
Gehiago dira oraindik, urteak eman duen uzta aberatsa izan baita, joango gara polikiago, mantsoago euren berri ematen. Baina hori datorren urtean, ordura arte, irakurle onak izan!