Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Nortasuna atzerrian (eta II)
Gaur egun jatorri espainiarra duen edonor da latino/a AEBetako immigrazio teknikarientzat. Latino/a izendapenaren tranpa zera da, kontzeptu subertsiboa izatetik (zuri anglosaxoniarren ondorengo ez diren AEBetako hiritarren existentzia aldarrikatzeko erabilia izan den neurrian) pentsamendu hegemoniko kolonialaren tresna izatera igaro dela.
Izan ere, latino izendapenak Hego Amerikako herrialdeen aniztasun kulturala ezabatu egiten du hango herritarrak klase, arraza zein kultura berekoak balira bezala aurkeztuz. Are gehiago, latino izendapenak hizkuntza latindarrari, hau da, gaztelerari ematen dio lehentasuna, herri indigenen historiak, hizkuntzak eta kulturak ezabatuz. Latino/a, beraz, kolonialismoarekin batera jaiotzen da.
Alderdi linguistikoa dela medio, espainiar nazionalitatea duen oro latino/a bihurtzen da automatikoki, berdin du haren etnizitatea. AEBetan bizi izan denak ondo jakingo du zeinen alferrikakoa den immigrazio teknikariei azaltzea espainiar kulturaren eragina jaso izanagatik bat ez dela jatorri espainiarrekoa, jatorri euskaldunekoa baizik.
Latino/a izendapenaren arabera, baina, gauzen ordena aldatu egiten da, eta Foucaultek argi azaldu zigun zein garrantzitsua den gauzen ordena. Munduan ez da paradisurik; herrialde guztietan aurki daitezke nortasunaren garapen librearentzat oztopo diren mekanismoak (etnizitatea aipatu dut, baina sexualitatea eta generoa aipa nitzake).
Zaila egiten zait sinestea Alemanian igaro dituen urteetan Aranburu erabat libre sentitu izana. Inoiz mehatxatuta sentitu ez bada, botere hegemonikotik uste baino gertuago dagoen seinale da.