DOSSIER | LA OPINIÓN DE LOS COLABORADORES DE GARA
Euskal Herriaren etorkizun ekonomikoa
Krisiak bete-betean kolpatu gaituen honetan, heldu den urtea ilun ikusten du Sonia Gonzalezek, baina etsipenari aurre egin eta herri honetan egoera iraultzeko gaitasuna badagoela nabarmentzen du. Horretarako, erasoei erantzuteaz harago, alternatiba egikaritzea ezinbestekotzat jotzen du.
Sonia GONZALEZ LAB sindikatuko kidea
Denok dakigu zelan dauden gauzak. Txarto. Oso txarto. 2012an ez dira hobetuko. Horrela utz genezake irakurketa ekonomikoa eta fede kristauak agindu legez, onartu, etsi eta agoantatu. Batzuok ez gaude horretarako eginak, ordea.
Ekonomia interesatuki «zientziatzat» jotzen hasi zenetik, ekonomia politikatzat oso gutxik jotzen dute. Beraz, ez itxaron nigandik azterketa «makroekonomikorik».
Duela hilabete inguru, unibertsitate ikerketa batek adierazi zigun estatu propioa izateko potentzialtasun handienak zeuzkaten lurraldeak Eskozia eta Euskal Herria zirela. Hori entzunda akaso poztu ginen eta gure egoa elikatu ere egin genuen astebetez. Baina horrek ez du betirako irauten. Estatu bat eraikitzeko borrokatzen ari garen honetan, hartzen ari diren erabakiak gure lan eta bizi baldintzak ez ezik, gure herriaren etorkizun ekonomikoa bera ere arrisku bizian jartzen ari dira. Eta etorkizun ekonomiko barik, ze estatu eraiki behar dugu?
Ez litzateke lehenengo aldia izango askapen prozesu batean kontu ekonomikoak bigarren mailakotzat hartzeagatik, erabaki ekonomikoek herri baten etorkizun politiko eta sozial osoa baldintzatu dutena. Gobernua izatea ez da nahikoa, gauzak aldatzeko boterea ere behar da.
Arlo ekonomikoa eta arlo politikoa txanpon beraren bi aldeak dira. Honela, erreforma «ekonomikoen» bidetik Espainiar Estatuaren zentralizazio prozesu politikoari ekin ahal zaio erraz. Egituraketa ekonomiko guztiek behar dute atzean egituraketa politiko eta egituraketa sozial propioa.
Eta horrek, guri dagokigunez, «autonomien Estatuaren» eta «ongizate Estatuaren» birmoldaketa eta desegituraketa dakartza. PPk argi dauka bere ibilbide orria eta horregatik lehenbiziko neurrietako bat administrazioen berrantolaketa izango da: «Una administración, una competencia». Dena krisialdi ekonomikoaren aitzakiapean.
Eta Euskal Herrian, zer? Bata bestearen segidan etorriko diren erasoei erantzuna eman beharko diegula ez dago zalantzarik. Baina sasoia da erantzun hutsetik behingoz irteteko. Jadanik argi utzi dugu nahiko indar eta nahiko gaitasun badaukagula plantatzeko eta ezetz esateko.
Ordua da alternatiba badagoela aldarrikatzetik, alternatiba hori eraikitzeko bidea zabaltzen hasteko. Erresistentzia hutsa arinago edo beranduago higatzen hasten da beti.
Gatazka ekonomiko eta soziolaborala daukagu hemengo kapitalaren kontra, baina gatazka politikoa (eta ekonomikoa) daukagu Madriletik herri honi hondamendia baino ez dakartzaten neurriak inposatzen zaizkionean. Fronte bi zabalik dauzkagu, beraz, datorren urteari begira.
Euskal Herria larrialdi egoeran badago, eta espainiar ekonomia galga hutsa bada Euskal Herriarentzat, herri moduan aztertu beharko genuke eta, beraz, herri hau osatzen dugun sektore ekonomiko ezberdinen artean eztabaidatu eta definitu beharko genuke zertan oinarritu eta zelan ezaugarritu behar den gure etorkizuna, gure ehundura produktiboa, gure politika industriala, gure politika sektorialak, gure enpresa eredua, gure lan harremanak... Eta burujabetza ariketa horrekin batera, eremu soberanista eta ezkertiarretik krisiari aurre egiteko aukera berriak landu eta eskaini beharko genituzke.
Euskal herri langileak klase gatazkan bere klase interesak defendatu eta borrokatu beharko ditu marapilo honetan, herri bat krisialditik ateratzeak ez duelako esan nahi gutxi batzuen ekonomia berpiztea; haatik, krisialdi honetara ekarri gaituen sisteman sakondu baino, sistema horri buelta emateko sakatu beharko dugu. Hori ez da egingo gure inguruko herrialdeetan eta ikusteko dago ze emaitza izango duten... Guk Madrilen esku egon nahi ez dugun bezalaxe, kapitalaren esku ere ez dugu egon nahi. Eta aukera daukagu bi borroka horiek txertaturik irabazteko.