GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

DOSSIER | LA OPINIÓN DE LOS COLABORADORES DE GARA

Ez dira urtero gertatzen

Mikel Aramendiren iritzirako, heldu den urtea, bereziki arriskutsua izango da, 2011n abiatutako desestabilizazio dinamika guztien jarraipena emateaz gain, Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde nagusien atarian gaudelako, eta halako urteak betiere gorabeheratsuak izaten direlako.

Mikel ARAMENDI Kazetaria

Arabiar Udaberriaren urtea izan da 2011koa, zinez. Urteko gertakari potoloen zerrendan nagusitasun ikusgarria dute Mohamed Bouazizik bere buruari su eman aurretik igarri ezin zirenak: Ben Aliren erorketatik hasi eta Siriak oraintxe bertan bizi duen gerra zibil desorekatuan amaituz, Bahreingo matxinada zukutua, NATOri esker Libian garaile dena, edota Yemenen erabakitzear dagoena bitarte, gailenak besterik ez aipatzearren.

Boladaren emaitza garrantzitsuena, hala ere, Egiptoko Iraultza izan da, herrialde arabiar handienaren oraina eta geroa ez ezik eskualdeko geopolitikaren faktore nagusietako bat mudarazi duelako. Urte askotan mukurutua eta atzerriko zein bertako interes askoren gordailua zen bolbora upela sutu zuen Bouazizik eta, gertatzen dena gertatzen dela aurrerantzean, mundu parte handi baten norabidea aldatu da aurten. Munduko ahaldun gehienak etorkizun hori igarri eta hartarako egokiera berriz aurkitu ezinean dabiltza. Ez da urtero gertatzen.

«Urteko gertaera» izan zitekeena –eta, agian, izan nahi zuena-, ordea, hutsaren paretsu geratu da azkenean. Osama bin Ladenen hilketa txit deliberatu eta ahaleginduak Obamaren onarpen politikoa apurtxo bat igoarazi zuen aste batzuetan bere herrikideen artean... eta besterik ez. Asia Erdialdeko eta Asia Hegoaldeko joko geoestrategiko korapilatsuetan harizpi bat besterik ez zela frogatuta geratu da, eta Ameriketako Estatu Batuen egoerak ez du hobera egin ingurune hartan. Afganistango usteltokitik irtetea premia larria da koiuntura ekonomikoa gaiztotu eta hauteskundeak hurbildu ahala, baina gero eta zailagoa da garaipen itxurak gordez etxeratzea. Iraketik irteteko operazioa burututa, gastu militarren zama zertxobait samurtzea lortuko zuen Pentagonoak, baina zortzi urte hauetako balantzea guztiz ezkorra da edozein ikuspuntutatik, hildakoen patua aintzat hartu gabe ere. Libiako abentura franko-britainiarrean Obamak eduki duen «profil baxuak» berak erakusten du nolako biharamuna uzten duen Irakeko fiaskoak. Baina horrek berak asaldura nabarmena eragiten du jazotako aldaketa guztietan galtzaile ateratzen ari den Israelen, Iranen mehatxua gero eta biziago gaineratzen ari zaiolako, Turkiarekiko aspaldiko adiskidantza isila galdutzat eman behar duenean...

Finantza hersturen amesgaiztoan murgilduta etxeko gizarte arazo latzenez ere gogoeta serioa egiteko gauza ez den (Fukushimako istripua, Osloko hilketa edota Ingalaterrako udako istiluen inguruko hausnarketak lekuko) gure mundu zaharkituaren arduretatik guztiz at, Afrikak «ohiko martxari» (goseteak, lehorte eta gerren ondorioz; migrazio ekonomikoen butxatzea; biolentzia egoera kronikoak) eutsi dio, albiste on bakan batzuekin. Hego Sudango independentzia prozesuaren bururatzea izango litzateke horietako bat, begien bistakoak diren zailtasun eta korapiloen gainetik politikaren eta demokraziaren baliagarritasuna berrestera etorri delako, batere samurra ez zen abagu- nean. Zailagoa da Boli Kostako gerraren «amaieraz» gauza bera esatea.

Bereziki urte arriskutsua izango da hastear dugun 2012a. Aurtengoak abiarazi dituen desestabilizazio dinamika guztien ezinbesteko jarraipenaren urtea izateaz gain, Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde nagusien atarikoak, historikoki, oso urte gorabeheratsuak izan ohi direlako. Batez ere haien emaitza oso argi ez dagoenean. Nazioartean bigarren edo hirugarren mailako protagonistak direnek maiz aprobetxatu ohi dute abagune hori etorkizuneko Etxe Zuria ezin itzulizko egintzen aurrean ipintzeko. Ekialde Ertainean eta bereziki Persiako Golkoan mamitzen dira arriskurik larrienak, noski. Ia beti bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo