DOSSIER 2012 | KULTURA
Dirurik eza, euskararen kontra egiteko aitzakia
Kultura nahiz Hezkuntza sailek diru gabe utzi dituzte euskal hedabide eta elkarteak. Egoera jasanezina da askorentzat eta hasi dira lehenengo ondorioak azaleratzen.
Ane ARRUTI | BILBO
«Euskararen munduak ez du solidario izatea eragozten dion pribilegiorik». Halaxe bota zuen Joana Madrigal PSOEko legebiltzarkideak 2012ko aurrekontuak hitzartu aurretik eta zenbakiei begiratuta, argi dago artaziak sartzerako orduan ez dutela batere «solidario» jokatu euskararekin eta euskalgintzekin lotutako partidetan.
Bai Lakuak eta baita Nafarroako Gobernuak murrizketak ez ezik, zenbait diru laguntza ere errotik ezabatu dituzte, Udako Euskal Unibertsitatearena, Nafarroako euskal hedabideena edo euskara ikasleen bekena kasu. Lakuako Gobernuak 400.000 euro gutxiago bideratuko ditu euskal hedabideetara eta Nafarroako euskal hedabideek, lehen ere aurrera egiteko nahikoa lan eta traba bazuten, 2012an gorriak ikusi beharko dituzte. Diru gutxi ez, zentimorik ere ez dute jasoko Nafarroako Gobernuaren partetik. Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioa) eta hedabideek salatu zuten moduan, euren «heriotza zigorra» sinatzen ari da Yolanda Barcinaren Gobernua. Iruñeko Parlamentuan egin zuten agerraldian azaldu zuten osotara hamasei euskara elkarte, sei aldizkari (2008an baino lau gutxiago), sei irrati eta telebista bat (lehen bi ziren) direla sosik gabe utziko dituztenak.
Gobernutik dirurik ez dagoela argudiatzen badute ere, susmagarria baina zerbait gehiago da Nafarroan gazteleraz emititzen duten hiru telebista pribatuei -Canal 4, Canal 6 eta Popular Television- 2.450.000 euro eman izana eta euskaldunei batere ez. Egia da horiek ere murrizketak jasan dituztela, azken urteotan 3.000.000 euro banatu izan baitzaizkie, baina aldeak nabarmenegia izaten jarraitzen du. «Bitartean, euskarazko hedabide guztien artean, urterik onenean 230.000 euro banatu izan dira eta 2012rako 0 euro banatzea aurreikusten da», salatu zuten hedabideek. Laguntza kentzeaz gain, aurtengoak ere murriztu egin dizkiote, bigarren epealdirako agindutako laguntzaren %35a ez dutela jasoko adierazi baitiete. «Ondorioz, hedabideok zailtasun larriak izango ditugu konprometitutako gastuei aurre egiteko», azaldu zuten.
Herritarrak egoeraren larritasunaz jabetu daitezen, Sakanako «Guaixe» astekariak protesta sinboliko bat egin du azken alean. Hainbat ataletan erreportajeak argazkirik gabe publikatu dituzte, «Nafarroako Gobernuak bere legea urratu eta hizkuntzaren normalizazioan ezinbesteko diren euskarazko hedabideak laguntzarik gabe utzi dituelako», esan zuten eta, argazki faltarekin, sakandarrei ere deia luzatu zieten, «jabetzeko zenbat galduko luketen ibarrean euskarazko komunikabiderik gabe».
Bestalde, publizitate instituzionalarekin gertatzen dena ere salatu zuten hedabideek. Euren esanetan, «Nafarroako Gobernuak, zuzenean edo bere entitate babestuen bidez, Nafarroan publizitate instituzionalean gastatzen duen publizitatearen %99 baino gehiago gaztelerazko medioetan gastatzen du. Euskarazko hedabideek ez dute publizitate euskarri moduan inolako aitorpenik, Nafarroako gizartearen zati handi batek ez du bere gobernuaren aitorpenik».
Lakuako Gobernuak ere 2011n euskal hedabideei bideratutako diru laguntzak banatzeko ditu oraindik -abenduan jakinarazi zituen- eta 2012rako 538.199 euro gutxiago banatuko dituela iragarri du. Dagoeneko ezagutu ditugu erabaki horien lehen ondorioak. «Nabarra» hilabetekariak iragarri du ez duela paperean inprimatzen jarraituko eta, momentuz, ateak ixten dituela. Egoerak horrela jarraitzen badu ez dirudi erabaki drastiko hori hartzera behartuta ikusiko den bakarra izango denik.
Abenduaren hasieran euskarazko hedabide ez publikoek sinatu zuten komunikatuan ageri den moduan, «aurrekontu orokorrak goraka joan direnean, euskalgintzara eta euskarazko hedabideetara bideratutako diru sailak ez dira handitu; orain, aurrekontuetan estutasunak sortu direnean, ez dago gupidarik: lehendik estu dabilen sektore bati are kalte handiagoa egiteko aukera zabalduko da».
Euskara ikasteko ere ez
Gasteizko Gobernuak euskararen normalizaziorako hizkuntza-politikak ere beherakada galanta jaso du. Atal honetara bideratutako partidak 3.402.273 euro gutxiago izango ditu 2012an. Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, bitarte ekonomikoak «ez nahikoak eta gaizki inbertitutakoak» direla salatu zuen datuak ezagututakoan.
Helduen euskalduntze eta alfabetatzeari dagokionez, euskaltegiek aurten jadanik laguntzetan jaitsiera nabarmena jasan bazuten, 2012an ikasleentzako beken partida oso-osorik desagertu da, aurretik 1.500.000 euroz osatuta zegoena.
Hezkuntza Sailetik, bestalde, errotik ezabatu den beste laguntza bat Udako Euskal Unibertsitateari (UEU) bideratutakoa izan da. 1998an lortu zuen UEUk lehen aldiz partida izenduna, hau da, zuzeneko diru laguntza. Aurtengo kopurua 177.840 eurokoa izan da eta UEUren aurrekontu osoaren %25 suposatu du. Partida hori kentzeak, «proiektuen azterketa sakon bat egitera behartzeaz gain, egitura ukitzen du eta ezinbestean, langileak. Lanpostuen etete zuzena ekarriko du, murrizketak lanaldietan eta enplegua erregulatzeko espediente bat martxan jartzea», adierazi zuten arduradunek. Isabel Celaa sailburua jotzen dute «erabaki politiko» honen erantzule nagusi baina azpimarratu zuten ez dutela bere jarduera etengo eta lan egingo dutela bere 1.100 bazkideen, instituzioen eta gainontzeko eragileen babesa jasotzeko.
Nafarroan, diru laguntzak kentzeaz gain, hezkuntzan gaztelera zaintzeko saila sortzea ere «esanguratsua» dela salatu zuen Topaguneak, «gobernu honek bere kudeaketa eremuan dituen bi hizkuntza ofizialen aurrean duen ikuspegia eta jarrera ulertzeko». Honen arabera, «gaztelera babesteko neurriak euskara eta Nafarroako hiztun euskaldunok babesteko neurrien gainetik jartzen dira, batzuk desagerrarazten diren artean besteak indartzen baitira».
Nafarroako euskal hedabideek ez dute zentimorik jasoko eta, bien bitartean, gazteleraz emititzen duten hiru telebista pribaturi 2.450.000 euro emango dizkio Yolanda Barcinaren Gobernuak.
Isabel Celaaren Hezkuntza Sailak 1998az geroztik jasotzen zuen zuzeneko diru laguntza kendu dio Udako Euskal Unibertsitateari 2012rako. Aurtengoa 177.840 eurokoa izan da, aurrekontu osoaren %25.
Lakuak 3.402.273 euro gutxiago bideratuko ditu euskararen normalizaziorako hizkuntza politikara. Orain arte 1.500.000 eurokoa zen ikasleentzako beken partida oso-osorik desagertuko da.