DOSSIER 2012 | KULTURA
Oraingoan bai: krisia datorkigu
Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Orain dela lau urte alarmak piztu ziren: sustatzen ari ginen neokapitalismo globala pikutara joateko zorian zegoen. Izuaren ahotsen atzetik beste batzuk agertu ziren, egoerak sistema ekonomiko berri bat bultzatzeko ematen zituen aukerak aldarrikatuz. Posible ei zen oraindik kapitalismoa gainditzea.
Erabaki hori, ordea, ez da inoiz hiritarren eskutan egon, eta bankuek zein enpresa globalek guregatik hartu dute: neo-neokapitalismo global, gupidagabe eta ankerrago baterantz goaz. Ongizate Estatuak, hots, denek, pairatuko dugu erabaki hau. Eta aurretik eramango duten lehen gauza kultura izango da.
Ideia urteetan hilduratzen joan da: kapitalizatua ez dagoen kultura (masiboa, akritikoa, komertziala eta espektakularra) ez dugu zertan denon diruarekin mantendu behar. Orain, akziora pasa da. Mezenasgo lege berria prestatzen ari da Estatua. Preferentziak ezarriko dira, gauza gutxi diru publikoaren babesean utziz, besteak merkatura -zirkura- botaz, ea zein lehoik jango duenaren zain.
Bi galtzaile garrantzitsu egongo dira azkar: kultura txikiak (galiziarrak urteak daramatza sufritzen, euskarak Jaurlaritzaren aurrekaririk gabeko mozketa pairatuko ditu 2012an) eta arte esperimentalak. Zein enpresak ordainduko du gizarte kontsumistarekiko kritikoa den zerbaitengatik? Edota askoz jota 20.000 biztanlek erosiko duten poesia liburu batengatik? Garai latzak datozkigu, eta, lehen aldiz, gu izango gara zuzenki kulturaren zaindari. Bukatu da instituzioen erabakiak itxarotearen garaia. Ekintza eta autogestioa tokatzen zaizkigu.