GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

DOSSIER 2012 | KULTURA

Latza! baino latz

 


Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

2012ak Euskal Herrian ekar dezakeenaz, musikaren atalaren zirriborro printzak laburtuta. 2012a latza izango da. Bat, latza! Hitz honen esanahi baikorrena hartuta. Sekulakoa! Sorkuntzaren aldetik ahalik eta indartsuena eta emankorrena izatea nahi dugu. Talentudun musikariak baditugu, musikari harrobi itxurosoa. Bi, baina baita izugarria ere bere esanahi ezkorrenean. Izutzeko datuak eman ditzakete ekonomia sailean. Disko salmenta zail dago; krisiaren enegarren urtea izango da. Azken bi urteetako (?) krisi ekonomiko orokortuak sakondu, luzatu eta handitu baino ez du egin diskoaren industriaren beherakada. Musika doan lor daitekeenetik, musikaren salmenta fisikoak %75 egin du behera. Digitalizazioak bide eman dio diskoen kopiatze erraldoiari. Egun saltzen den disko fisiko bakoitzeko gutxienez hamabost kopia egiten dira. Inoiz baino musika gehiago entzuten dela diote. Zuzenagoa da esatea, ordea, inoiz baino musika gehiago garraiatzen (pilatzen) dugula tresna elektronikoetan. Musika ekoizleek saldu egin nahi dute. Musika entzule askok doan lortu nahi du entzun nahi duena. Oraindik erosleak badira gero eta gutxiago diren denda fisikoetan. Diskoak ia opari bezala saltzea baino ez du beste aukerarik (kutxak, bildumak). Diskoetxeaz gain autoekoizpenaren bidean gero eta ekintzaile gehiago dago. Musika salmenta digitalak ezer gutxi eman du. Diskoen salmenta urria ikusirik (salmenta guztia ongietorria izango da) diskoak beste filosofia batera egin du jauzi, aurkezpen-txartel dira zuzenekoetarako. Zuzenekoen burbuila beheraka dator. Management bulego askok pipiak jo ditu. Kultura eta musika programazio publikoak (administrazio publikoena) ziztu bizian etorri dira behera; krisiak aurrekontu murrizketa sutsuak eragin ditu. Gutxiago programatuko da eta merkeago. Durangok bere azokarekin irla bihurtzeko itxura izan dezake. Komunaren aldeko (procomun) kulturaren jarrerak gero eta garrantzi handiagoa du denon mesederako. Musikak eman diezagukeen soinu astindua behar dugu. Musikarenak berea ez du egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo