Nerea Basauri Uribetxebarria | Zelaietako Guraso Elkartea
Zelaieta herri eskolako amesgaiztoa
Urteak joan eta urteak etorri berdin jarraitzen dugu. Arazo larria daukagu aurrean. Jantokia, eskola, gimnasioa... txiki geratu dira Egoera hau jasanezina da eta gure herriko umeentzako eskolaren baldintzak bermatu nahi baditugu, Udalak ere bere erantzukizunak bete beharko ditu
Iragarrita zegoen. Abadiñoko herrian gero eta ume gehiago jaiotzen da eta eskola gero eta txikiagoa ari da geratzen. Matrikulazioa gorantz doa urtez urte eta eskolak eskaintzen dituen zerbitzuek gainezka egin dute. Lekurik ez, alegia. Eskola eta jantokia handitzeko auzia aspalditik dator. 2006. urteko azaroan egindako Eskola Kontseiluak argi utzi zuen jantokia eta gimnasioa handitu beharra zegoela eta horixe adierazi zion Udalari. 2007an Udal berria eratu zen eta beste behin ere jantokia eta gimnasioa handitzeko premia iragarri zitzaion.
2009an arazoa urrunago joan zen. Bi urteko gelan matrikulatu nahi zuten haur guztiek ezin izan zuten izena eman. Izena eman zuten guztientzako tokirik ez zegoela-eta, horietako lau umek Matienako eskolara joan behar izan zuten.
Egoera onartezina zen eta, beste behin ere, Udalaren aldetik ez genuen babesik jaso. Horrela, gurasoen borrokari esker Zelaieta eskolan izena eman zuten haur guztiek bertan geratzeko aukera izan zuten beste eskola batera joan beharrik gabe. Onartezina baita, norbere bizilekutik gertuen dagoen eskolan izena ezin eman izatea.
Urteak joan eta urteak etorri, berdin jarraitzen dugu. Arazo larria daukagu aurrean. Jantokia, eskola, gimnasioa... txiki geratu dira. Honen aurrean delegaritzak (Hezkuntza Sailak) ez digu handitze lanak egingo diren bermerik ematen.
Udalari dagokionez ere, kezkatuta gaude, ez baitiogu inolako sinesgarritasunik ematen orain arte eman dituen esanei eta argudioei. Udalak ez digu behar besteko babesik eman.
Haur Hezkuntzako ume batzuek eguerdiko ordu bietan bazkaltzen dute. Jantokiko handitze lanak egin bitartean barrakoiak eskatu genizkion Udalari, horrela umeek hain berandu jan ez dezaten. Hasiera batean Udalak ez zuen ezetzik esan, eta gaia aztertuko zuela esan zuen. Orain, berriz, jantokiko aferak berdin jarraitzen du. Urriaren 5ean Udalarekin harremanetan jarri ginen eta barrakoiak jartzen dirurik ez zuela gastatuko adierazi zigun oraingoan; zioenaren arabera, delegaritzak 2012ko ekainean hasiko dituelako handitze lanak eta barrakoi beharrik ez delako egongo.
Eta suposatuz, udan obrak bukatuko direla... Ikusten denez, berriz ere Udalak ezezkoa.
Handitze lanen inguruan inolako informaziorik ez genuela ikustean, gurasoen kezka areagotu, eta gure aldetik gestioak egiten hasi ginen. Eta gure harridurarako, delegaritzak 2012an obrak ez direla hasiko konfirmatu zigun.. Udalak eta zuzendaritzak zuten informazioaren kontrakoa, alegia. Eskolako gurasook benetako informazioa lortu dugu, egia alegia. Eskolako zuzendaritzak eta Udalak eman dizkigun erantzunek ez dute zerikusirik izan gertatuko denarekin eta hau lotsagarria da. Ustezko baiezkoak eta ustezko ezezkoak... Eta arazoa irtenbiderik gabe!
Gurasoak oso arduratuta gaude. Alde batetik, gure umeek jantokirik ez dutelako edukiko eta, bestetik, Udalaren aldetik inolako babesik jasotzen ez dugulako. Egoera hau jasanezina da eta gure herriko umeentzako eskolaren baldintzak bermatu nahi baditugu, Udalak ere bere erantzukizunak bete beharko ditu. Egokiena izango den irtenbidea ematen saiatu beharko du, eta orain arte ez bezala, saiatzeko gogoa erakutsi beharko du. Zelaietako herri eskolako gurasook ezin dugu Udalaren ezezkoak onartzen jarraitu eta eman beharreko pausoak bete ditzala eskatzen diogu.