GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi | Kazetaria

Ezin da zerotik hasi

Zerora jaitsi da berriz ere zerrenda. Urte berriak berekin dakartzan ohiko ohituretako bat dugu, zerrendak hutsean uztekoa alegia, horrek zenbatu nahi dugun hori esanahiz husten badu ere. Izan ere, dena ezin da zeroan utzi. Aurrekoan ere banioen, gehiegizko garrantzia ematen diegu urte batetik besterako saltoei, horiek ez baitute bere horretan ezer aldatzen, arazo zirenak arazo izaten jarraitzen dute, egun, hilabete edo urte aldaketen berri ez dute-eta horietako askok.

Tamalez, nahi baino azkarrago hasten dira zerrendak berriz osatzen. Estatu espainoleko zerrenda dagoeneko ez dago zeroan, gehitu zaio izen bat. 54 urteko emakume baten izenaren alboan jarri dute «urteko lehenaren» goiburua. Aurretik, beste bati jarri zioten 2011ko azkenarena. Bai, indarkeria sexistaren ondorioz hil diren emakumeen zerrendaz ari naiz. Eta berriz diot indarkeria sexistaren biktimak direla, karguan estreinatu den Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministro espainol berria «familia inguruko indarkeria» dela esan eta esan tematu bada ere.

Izenak eta datuak, horixe dira, izen eta datuak; lehen irudi hori eskaintzen digute, baina horien alboetan eta azpian begiratzen jakin behar da ezer ondo ulertu nahi bada. Nahikoak izan ez arren, abiapuntu dira eta hortik gauzak bere izenez deitzearen eta datuak zehaztasunez ematearen garrantzia.

Horregatik ez dut ulertzen zerrendak husteko eta zeroan jartzeko joera. Hain justu, pertsonak gehitzea dela uste dut konponbidean jarriko gaituena. Arazoa zeroan geratuko bada kendu ez, gehitu egin behar da: ahaleginak gehitu, errealitatea agerian uzteko bideak gehitu, jokabide traketsak salatzeko ekimenak gehitu, elkartasuna gehitu... Eta bide batez, arazo honen biktima direnak aurretik izan direnei gehitu, errealitatearen argazki osoa lortzeko. Agian, batu eta batu, kalkulagailuan «berdin» ikurrari sakatutakoan urdaila ere mugiaraziko digun datuarekin egingo dugu topo, bai; baina horretarako gutxienez balio badu gaitz-erdi... Zerotik zenbatzen hasi ezin den zerrenda zeroan jartzeak zertarako balio du?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo