GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia | Bertsolaria

Akuilu ideologikoa

Hiruzpalau pentsamendu korronterekin lan egin beharko dugu, minimo eta aho batezko erabakien bidez, apurka koltxoi soziala artikulatuz. Baina gehiengoa lortzea beste zerbaiterako tresna baino ez dela gogoratuko digun akuilua sortzea da garrantzitsuena

Lehen aldiz «indar metaketa» kontzeptua irakurri nuenean 97ko udagoiena izango zen. Urte bereko udan etxeko atariraino autoan heltzen, auzokideen aurpegi luzeei luzeagoa ipintzen eta kontzentrazioetara Santa Agedako makilekin joaten ikasi genuen. «Arraina uretatik atera» zen gure beldurrak sinbolizatzen zituen eufemismoa, eta «metaketa» berba hiztegian begiratu behar izan nuen. Lizarra-Garaziko adulterio salaketaz beteriko erromantzearen ostean, tabu bihurtu zen berba parea. Inoiz ez genuen jakin nork eskatu zion dibortzioa nori. Nor liatu zen norekin. Edo adulterioa bikote maiteminduen ohiko ziurtasun ezak eragindako paranoia izan ote zen. Denborari biderik egiten ez uztea ordaindu genuen. Egia den arren, denborak dena konpontzen duen era berean usteltzen duela.

Euforiko geunden, autismoa zen bide bakarra, bikotekide ohiarekin baino hobe zen onanismoa, eta «transbertsalitate» izeneko konjuruak pole position-ak irabazten zituen Gaussen kanpaiaren orakuluen sudokuetan. Martetik begiratzen zutenentzat argi zegoen zein zen artxila-murtxilaren sinonimo berriaren helburua: abertzaleek berriz ere gehiengo politiko artikulatu bat osa zezaten ekiditea.

EAJri sinetsarazi zioten ezker abertzalearekin kolaboratzeak boto galera besterik ez ziola ekarriko. Ezker abertzaleak PSE bihurtu zuen bere maitale berri, Kataluniako Hirukoaren eredu eta Seigarren Asanbladako ideia internazionalisten arteko amets erotiko batek bultzatuta. Estatuak lortu zuen beste behin ere Makiaveliren axioma aplikatzea: «bana itzazu garai ditzazun».

Ostera, John Maynard Keynessek esan zuen legez: saihestezina gertatuko dela ematen duenean, aurreikusi ezina agertuko da. Nafarroa Garaian lehenago eta mendebaldeko lurraldeotan ondoren, ezker eta eskuineko godoak boterea kudeatzeko elkartu ziren. Piper-potoak nongura eta depresioa 36ko gudarien artean. Aitzitik, aste gutxitan zakarrontzira bota zuten hamar urtetako lan teorikoa. Transbertsalitatea unionistek botere autonomikoa kudeatzeko beste jesarleku izan arte erabakiguneetatik baztertuak ez izateko asmatu zuten planeta berria baino ez zen.

Ziklo berri baten hasiera eta internazionalki kontrastatutako egia bat: mende honetan, botere ekonomikoak eragin ez dituen transformazio politiko-sozial guztiak artikulatutako gehiengo politikoek sortu dituzte.

Norabide horretan talo bero bat Bildu eta Amaiurri. Ez gure eskubideak joko politiko espainiarraren baitan errespetatuak izango direnik uste dudalako. Baizik eta gure helburuak lortzeko balio ez duen sistemak, gure tresna nagusi bihurtuko dugun gehiengo politiko artikulatua sortzeko balioko digulako.

Etorkizuneko erronka gehiengora heldu bitarteko multzo handiak kudeatzea izango da. Hiruzpalau pentsamendu korronte- rekin lan egin beharko dugu, minimo eta aho batezko erabakien bidez, apurka koltxoi soziala artikulatuz. Baina garrantzitsuena gehiengoa lortzea beste zerbaiterako tresna baino ez dela gogoratuko digun akuilua sortzea da. Gorteko edukaziotan, ulertu arren, galduko ez den eta idiak mugitu gura ez duenean odoldu arte eztenkatuko duen akuilua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo