GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zilbetin pago gehiago ez mozteko eskatu dute talde ekologistek

Zilbetiko Antzeri pagadian zuhaitz gehiago ez mozteko eskatu diote Magna enpresari hainbat talde ekologistak, jarduera hori legez kontrakoa dela nabarmenduz. Talde horiek gogorarazi zutenez, Zilbetiko meatzearen proiektuaren kontrako helegitea aurkeztu zuten 2.000 lagun inguruk eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak oraindik gai honen gaineko epaia plazaratu behar du. Hala ere, Nafarroako Gobernuak zuhaitzak mozteko baimena eman du.

GARA |

Zilbetiko Antzeri pagadian zuhaitzak mozteari uzteko eskatu diote talde ekologistek Magna enpresari, Nafarroako Gobernuak jarduera horri oniritzia eman badio ere legez kontrakoa dela nabarmenduta.

Atzo plazaratu zuten oharrean, WWF, SEO/BirdLife, Greenpeace, Ecologistas en Accion eta Amigos de la Tierra, Alduide Mendi Koordinadora, France Nature Environnement, LPO, Sepanso, Paueko MNE, GEOB, PMAF, Forets Sauvages eta CADE taldeek Magna enpresak Zilbetin meatzea ustiatzeko duen egitasmoa zilegi den ala ez epaileek erabaki behar dutela gogorarazi zuten, Nafarroako Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztu zutelako.

Horrez gain, Madrilek eta Parisek 1856an Pirinioetako muga finkatzeko sinatu zuten akordioak Baigorriko abeltzainek Alduideko larreetara animaliak eramateko eskubidea bermatzen du, Estatu espainolari horren bermea dagokiolarik. Adierazi dutenez, Nafarroako Gobernua zein Erroibar eta Baztango udalak ez dira Baigorriko abeltzainekin mintzatu.

Zilbetiko kontzejuak abenduaren 24an bando bat plazaratu zuen, Magnari babesturiko pagadi batetik 800 tona mineral ateratzeko baimena emanez, hilaren 17an egingo dute akziodunen batzarrerako «datua eduki ahal izateko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo