GARA > Idatzia > Kultura

Arantxa urretabizkaia | «hiru mariak» eleberriaren idazlea

«Zahartzaroa aukeratu egin daiteke, gaztaroa aukeratu daitekeen bezala»

«Hiru Mariak» nobela gaztelaniara itzuli dute eta aitzakia horrekin elkartu gara idazle eta kazetari honekin. Kontatu digunez, harrigarria egin zaio irakurleak zer garrantzia eman dion Marien adinari; izan ere, liburua ez da zahartzaroari buruzkoa, nahiz eta pertsonaiak 80 urteren bueltan dabiltzan. Adiskidetasunaren, memoriaren eta tolerantziaren gaineko hausnarketa plazaratzen du.

p042_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) istorio sinesgarri bat kontatu nahi zuen, eta ahal dela, irakurlea harrapatu, ez dezala liburua bukatu gabe utzi. Helburu horrekin atera zuen «Hiru Mariak» Erein argitaletxearekin orain dela urtebete. Kontent da Hondarribian bizi den idazlea eleberria egiten ari den bidearekin, baita feed-backarekin ere, inoiz baino iritzi gehiago jasotzen ari baita. Orain jende gehiagok izanen du irakurtzeko aukera, gaztelaniara itzuli baitu Cristina Fernandezek.

Adineko emakumeak dira hiru Mariak. Euskal literaturan gehiago ere atera dira urteotan; zertan dira desberdinak zure pertsonaiak?

Uxue Alberdik dauka liburu bat, Unai Elorriagak beste bat... Baina atzera begira dauden zaharrak dira gehiago, bizitakoari bueltaka ari direnak, eta nik ez nituen halakoak nahi, aurrera begiratzen dutenak nahi nituen.

Ikuspuntu baikorra ematen dutela iruditu zait...

Bai, bai. Propio. Ez dago zahartzeko modu bakarra. Gainera, modu tradizionala desagertzen ari da eta ez dakit asmatu ote dugun zahartzeko modu bat. Baina uste dut zahartzaroa aukeratu daitekeela gaztaroa aukeratu daitekeen bezala, nork bere mugekin. Hain zuzen, liburu hau idatzi nuenean gure ama zena oraindik bizi zen eta berarekin egoten nintzenetan beti zahar kontuak genituen inguruan. Ni ere urtetan aurrera-eta, zahartzaroaz hausnarketa egiten hasi nintzen. Pentsatu nuen, agian, fikzioak ematen zidala aukera beste hausnarketa mota bat egiteko, zahartzeko modu ezberdinak konparatzeko, eta asmo horrekin egin nuen.

Niri Gorri pertsonaia gustatu zait gehien: hain bizizalea, alaia, aktiboa... Baina ez zait hain erreala egin.

Begira, gauza bat esango dizut: astean hirutan gimnasia egiten dut eta gaur ere gimnasia bukatu eta gero etorri naiz. Gure monitoreak 81 urte ditu eta daukan malgutasuna ez neukan nik 16 urterekin. Uste dut han-hemen bila bazabiltza, badaudela zahartzaro berri baten aztarnak. Ez duguna osatu da eredu bat, agian; ideologia falta zaigu. Beti, zure adinean ere bai, aurretik doazenei begiratu eta oso eredu gutxi aurkitu izan ditut pentsarazi didatenak: «Horrela zahartzea gustatuko litzaidake». Gero gertatzen da, urtetan aurrera zoazen neurrian, jabetzen zarela bat edo bestek eredutzat hartzen zaituela zu eta horrek hotzikarak ematen dizkit, ez naizelako eredu ezertarako. Baina zahartzaro berria asmatzen ari gara, bai.

Hiru Marietatik, zeinengandik sentitzen zara hurbilen?

[Denbora pixka bat hartzen du pentsatzeko]. Nire aukera bakoitzetik pixka bat hartzea litzateke. Txuri eta Gorri, biak egiten zaizkit hurbilak. Gustatzen zait Gorriren ausardia, Txuriren serenitatea, eta Handiren tema, amore ez emate hori ere gustatzen zait, eta bere dirua.

Istorioa herri tradizional batean kokatu duzu eta han azaltzen dira lotsak eta beldurrak.

Hiri handi batean errazagoa da libre izatea, baina herri txiki batean bizi zarenean, nire kasuan behintzat, ikasten duzu besteen begiradari kasurik ez egiten. Zer esango duten pentsatzen bazaude, horrek zure bizitza mugatzen du izugarri. Orduan, jaramonik ez egiten ahalegintzen naiz.

Harrigarria da nola obeditu izan dituen jendeak arau batzuk. Ilea ezkondu aitzinetik solte edo txirikordetan eraman behar zen eta ondotik lotuta.

Hala zen. Nik baneukan izeba bat, Donostiako kasinoko croupier batekin ezkondua, izeba Maria Luisa. Gerra aurretik, nonbait moderno samarra zen eta erabaki zuen ilea moztu nahi zuela. Ile-apaindegira joan zen eta mozteko eskatu zuenean, senarraren baimenik gabe ezin zutela erantzun zioten. Berak esan zuen: «Senarrak uzten dit, bestela ez nuke moztuko». «Bai, baina senarrak etorri behar du». Gizona biharamunean joan zen, baimena ematen ziola esan zuen eta orduan moztu zioten ilea.

Ez da hain aspaldiko kontua, hala eman dezakeen arren.

Ez, ez. Eta orain, zaharrak begiratzen dituzu eta %99k ile motza eramango dute, melenarik ez duzu ikusiko. Hain zuzen, nik horregatik ez dut ile motza eramaten. Orain dela hamarren bat urte-edo semeak eta biok bidaia bat egin genuen Europa iparraldera, gauerdiko eguzkia ikustera joan ginen, San Juan inguru horretan, eta Stockholmera ailegatu bezain pronto kalean emakumeak ikusi genituen, zaharrak, ilea tindatu gabe eta melenarekin. Gure artean denek tindatzen dute ilea.

Lan hau idazterakoan zertan oinarritu zinen, munduan eta hemen ikusitakoan?

Bi liburu ere egon ziren oinarrian, bat Graham Greenerena, «Viajes con mi tía», eta bestea Victoria Sackville-West-ena, «Toda pasión concluida». Fikzioa egiten dugunok joera hori daukagula uste dut, nola-hala banpiroarena egiten dugu: hemen aurpegi bat ikusten dugu, han jokaera bat... Eta gorde egiten ditugu bertsolariek euren hiztegia betetzen duten bezala. Gauza guztietatik hartzen ditugu gauzak. Izenena ere hala hartu nuen. Badaukat lagun bat Hondarribian, Ana, baina telefonoa hartzen dizu eta «Anaundi naiz» esaten dizu. Hiru lagun ziren, hirurak Ana, eta bakoitzak ezizen bat zeukan.

Orain dela urtebete atera zen liburua euskaraz. Nola oroitzen duzu idazketa prozesua?

Nirea oso geldoa da, hamar urte-edo eman ditut nobela hau idazteko. Baina ez etengabe lanean. Kazetaria naiz, eta horretan lan egiten baduzu, etxe bat baldin badaukazu eta familia bat zaindu nahi baduzu, gero bonsaiak egin nahi badituzu, bada idazteko denbora gutxi gelditzen zaizu. Orduan, tantaka-tantaka idazten dut. Liburua aurkezterakoan hamar urte esan nuen eta Iñaki Aldekoa editoreak esan zidan hamabi zirela.

Nola bizi duzu idazketa? Buruak eskatzen dizu, edo gorputzak...?

Ez dakit ondo erantzuten. Egon izan naiz urteak idatzi gabe eta berriz horretara jarri naizenetan pentsatu dut: «Zerk bultzatzen zaitu?». Behin, etxean bazkaltzen ari ginela zerbait kontatu nahi eta ezin, esan nien: «Orain badakit zergatik idazten dudan, ea norbaitek kasu egiten didan, zuek ez didazue-eta kasurik egiten». Ez dut uste hori denik. Txikitatik izan nahi nuen idazlea. Gogoratzen naiz errezatu eta guzti egiten nuela idazle izateko, eta oso txikia nintzen, 17 urtetatik aurrera ez dudalako gehiago errezatu! Orduan uste nuen idaztea grazia bat zela, zeruak edo espiritu santuak emana. Gero ikasi dut ofizio bat dela eta ilea ondo ebakitzen jakiteko ile asko ebaki behar duzun bezalaxe, asko idatzi behar duzu.

Txikitako ametsa bete duzula sentitzen duzu?

Idazle izatearena bai, maila batean bai.

Badago zerbait idatzi nahiko zenukeena?

Bai, baina ezin dut kontatu, oraindik ez da garaia. Bestela, ari naiz hurrengo lanari bueltak ematen, baina bueltak ematen bakarrik. Eta ez dakit zergatik iruditzen zaidan txanda honetan ez direla hamar urte pasatuko, lehenago izango dela. Gauza bat bakarrik aurreratu dezaket: ez dela fikzio hutsa izango.

Nola jaio zen «Hiru Mariak»? Zein ideiarekin hasi zinen?

Lehenengo hiru ahots sartzea pentsatzen nuen, baina Txuriren ahotsa aurkitu nuenean, edo aurkitu nuela pentsatu nuenean, erabaki nuen ezetz, gauza sinple bat egingo nuela, inongo arkitekturarik gabea eta zuzena.

Nola uste duzu joan zarela zure idazkera garatzen?

Horri ezin diot erantzun. Beñat Sarasolak, adibidez, esan zuen bide konbentzionalagora egin nuela. Baina nik ez diot neure buruari horrelakorik esaten; senaz aritzen naiz. Kazetaritzan berdin gertatzen zait. Ikuspuntu desberdina daukadala esaten didate, baina ez diot neure buruari ikuspuntu desberdin bat bilatzeko eskatzen. Aproposa iruditzen zaidana egiten dut eta gertatzen da desberdina dela.


 

aurrera begira

«Nobeletan atzera begira dauden zaharrak izaten dira gehiago, bizitakoari bueltaka dabiltzanak, eta nik aurrera begiratzen dutenak nahi nituen»

«Beti izango naiz idazle neska, ez naiz sekula arrunta izango. Baina atzetik datozenak bai»

Zure lanetan beti jorratzen duzu emakumeen ikuspuntua.

Bai. Badago salbuespen bat propio neure buruari erronka hori jarri niolako, protagonista gizona izatea. Gizonei ez die inork galdetzen zergatik diren gizonak protagonista, baina gu oraindik salbuespen gara. Horretan etsita nago. Ni beti izango naiz idazle neska, ez naiz sekula idazle arrunta izango. Baina atzetik datozenak bai. Asko dira, oso nahastuak daude gizonekin... Horiek ez dira puntu eta aparte.

Nola sortu zitzaizun «Hiru Mariak» gaztelaniara itzultzeko aukera?

Argitaletxeak proposatu zidan, eta hasieratik esan nien nik ez nuela egingo. Gauza bat da hizkuntza bat ezagutzea eta beste bat itzultzaile izatea. Itzultzaile izatea lanbide zail bat da, nik ez dauzkadan baliabide eta abilezia batzuk eskatzen dituena. Gainera, ez nuen horretan denbora pasatu nahi. «Hiru Mariak» egina zegoen eta beste zerbait egin nahi nuen. Errespetatzen ditut beste aukera egiten dutenak, baina ez da nire kasua.

Kontent zaude liburuak egin duen bidearekin?

Bai. Hasi aurretik esan balidate bide hau egingo zuela sinatu egingo nuke. Gainera, oraindik urtebete bakarrik dauka eta jarraituko du bidea egiten.

Zer jenderen erantzunak edo iritziak jaso dituzu?

Harremanik hurbilena irakurle taldeena da. Horiek dira euskal literaturari azken hamarka hauetan gertatu zaion gauzarik hoberena. Berria, interesgarria, aberatsa... Dezente egon naiz irakurle taldeokin hizketan. Esan beharra dago gehiengo handi bat emakumeak direla. Ez dira guztiz irakurle arruntak, irakurle antolatuak dira, nola-hala irakurle ilustratuak. Gero, jende arruntarengandik ere etorri zait feed-backa, inoiz baino gehiago. Alde du, esan didatenez, aise irakurtzen dela. Hori, gure sistema literarioan, balio bat izan beharrean aje bat dela uste dut. Askori iruditzen zaio zenbat eta korapilatsuago orduan eta aberatsago dela. Baina ez da hori nire iritzia.

Baikortasuna eta alaitasuna ere salbuespenak dira.

Ni pertsona baikorra naiz. Ingurukoei galdetzen badiezu, esango dizute baikorra naizela gaixotasuneraino [irri egiten du]. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo