REGGAE
Ijahman Levi Bilbon izango da, Marleyen omenezko kontzertuan
Ijahman Levi (1946, Jamaika) reggae musikariak kontzertua emango du otsailaren 9an Bilboko Azkena aretoan. Levi nazioarteko reggae eszenako artistarik esanguratsuenetakoa da, ia 35 urteko ibilbidea eta bederatzi diskorekin. Azkena aretoko kontzertua Bilbon joko duen lehenengo aldia da, eta Bob Marley Egunaren harira antolatu duten egitarauan izango da, musikari mitikoaren jaiotzaren 67. urteurrenean. Aurretik Juza taldeak joko du. Leviren lehen diskoa «Haile I Hymn [Chapter 1]» izan zen, 1978an, eta ondoren etorri ziren «Are We a Warrior» (1979), «Tell It to the Children» (1983), «Africa» (1984), «Lilly of My Valley» (1985), «Live in Paris» (1995), «Sings Bob Marley» (1996), «Roots of Love» (2003) eta «Every Knee» (2006).