Haizea BARCENILLA | Arte komisarioa
Tutuen hotsak
Fenen pasa dut aurten urte zaharra, Ferroleko badian kokatua dagoen herri ontzigilean, mendiko auzo batean. Hamabiak jotzetakoan familiari telefonoz deitzera irtetean, ezohiko isiltasun batek inguratu nau; hemen ez da suziririk botatzen, etxeko zurrumurru isila besterik ez dago. Behean, Ferroleko argiak uretan islatzen dira, eta zin degizuet ikuspegi ederra dela. Orduan zuzendu zaizkit ontzien tutuak, eta bi oroitzapen iritsi zaizkit batera: nire ume garaietakoa eta nire amak kontatutakoa.
Izan ere, orain dela gutxi arte Urtezaharra amonaren etxean ospatzen genuen, Lezon. Umea nintzenean, mahatsak jan eta gero balkoira irteten ginen eta Pasaiako portuko ontzien tutuak entzuten genituen. Amonaren etxetik ez zen itsasoa ikusten, baina etxe-blokeen gainetik koloreetako bengalak igotzen ziren, zeruan zintzilik geratuz. Orduan amak kontatzen zidan haren gurasoen etxean, Buenavistan, portu osoa ikusten zutela, ontzien argiak iluntasunean, tutuak gauaren lasaitasunean, eta hori zela bere ume garaietako oroitzapenik ederrenetakoa.
Ondoren, suziriak eta petardoak jarri dira modan, eta leihora ateratzen garenean tutuak ez dira entzuten. Kaleak argiz eta kolorez betetzen dira orain ordea; gaua literalki piztu egiten da, ospakizun giroa are gehiago azpimarratuz.
Aurten, aitzitik, Fenen tutuak entzun eta Buenavistaren antzeko ikuspegiaren aurrean, antzinako sentimendu bat sortu zait, etxekoia, beroa. Segundo batez guztiz ahaztu dut Ferrolen tutuka ari diren ontziak itsas armadarenak direla. Agian, itzal beldurgarriek ere edertasunez beteriko sentimenduak sor ditzakete? Hala bedi. Urte berri on.