Hernani eta Bera Bera igoera faseari begira daude dagoeneko
Hernani eta Pegamo Bera Bera jadanik Ohorezko Mailarako igoera faseari begira jarrita daude. Oraindik bigarren itzuli osoa falta arren, bi taldeek gainerakoei sekulako aldea kentzen diete, eta geratzen diren partidetan gauzak oso gaizki egin beharko lituzkete helburua ez lortzeko.
Jon LEUNDA
Oraindik ia bigarren itzuli osoa falta da Ohorezko B Mailako liga amaitzeko, baina Hernani eta Pegamo Bera Bera jadanik igoera faseari begira daude, eta ez da gutxiagorako, gainerakoei kentzen dieten aldea handia baita. Gainera, taldeen arteko ezberdintasunak ere dezenteak direnez, oso nekez izango dira ezusteak.
Hernani da multzoko lehena 45 punturekin; Pegamo Bera Bera, berriz, bigarrena da 35ekin. Bartzelona dago hirugarren tokian, 25 punturekin. Kontuan hartuta lehen biek jokatzen dutela igoera fasea, esan daiteke Hernanik ia bi hankak bertan dituela, eta, donostiarrek, bat eta erdi. «Ezusteak zailak dira, eta normalean Hernani izango da lehena eta gu bigarrenak. Horrela ez izateko, guk biok oso gaizki egin beharko genituzke gauzak, eta, besteek, berriz, oso ongi. Baina dauden tarteak ikusita ia ezinezkoa dirudi ezusteak ematea», dio Iñigo Imazek, Pegamo Bera Bera taldeko entrenatzaileetako batek.
Biek nahi dute maila nagusira igotzea. Donostiarrek iaz galdu zuten, eta aurten berreskuratu nahi dute. Hernanik, berriz, azken urte hauetan hiru igoera fase jokatu ditu, eta igotzeko garaia badela uste dute. «Igotzeko gogoz gaude, eta probatu nahi dugu ea hor zer gertatzen den. Jokalariak ere oso gogotsu daude; pentsa, udako entrenamenduak ere astebete lehenago hasi genituen. Jadanik urte batzuk badaramazkigu igoera faseetan, eta bada garaia igotzeko. Orain bi urte ia igota geunden, eta arauzko denbora pasata zegoela geratu ginen igoerarik gabe, erarik mingarrienean», gogoratu du Joxe Elosegi Hernaniko zuzendaritza teknikoko kideak.
Kanporaketak
Aurten gauzak aldatu egingo dira, izan ere, datorren denboraldian Ohorezko Mailan bi talde gehiago izango dira, eta horrek beste aukera bat ematen die beheko mailakoei. Hasierako igoera fasea normal jokatuko da. A multzoko lehenengoak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du eta A multzoko bigarrenak B multzoko lehenengoaren aurka. Bi kanporaketa horietako irabazleek igoera lortuko dute. Bi galtzaileek beste kanporaketa bat jokatuko dute eta hori irabazten duenak Ohorezko Mailako azkenekoaren aurka kanporaketa bat jokatu beharko du, maila nagusitik zuzenean ez baita inor jaitsiko. Azken kanporaketa hori irabazten duenak mailaz igotzea edo mailari eustea lortuko du.
Imazen esanetan, ez da erraza jakitea zer den hobea, lehenengo edo bigarren geratzea: «Badirudi, CRC eta Complutense izango direla beste multzotik sailkatuko direnak. Biak dira talde onak, eta badirudi aldaketa batzuk egin behar dituztela taldean. Beraz, ez dakigu oraingo talde bera edo hobea izango duten hemendik hiru hilabetera. Hori dela eta, ez dakit zer den hobea, geure multzoan lehenengo edo bigarren geratzea», dio.
Elosegik, ordea, ez du berdin pentsatzen. «Nire iritziz, CRC Complutense baino koska bat gorago dago. Guk behintzat ez dugu igoera haien aurka jokatu nahi; nahiago genuke Complutenseren aurka jokatzea», onartu du teknikari hernaniarrak.
Ohorezko Mailari begiratuta, ez dirudi euskal talderen bat azkena geratuko denik; beraz, datorren urtean bost euskal talde egoteko aukera geroz eta handiagoa da. «Hori sekulakoa litzateke. Lau bidaia gutxiago egitea, eta lau partidetan harmailak beteta ikustea ikaragarria litzateke. Gipuzkoarren kasuan, gainera, hiru talde egongo bagina, ikaragarria litzateke. Dena lanaren ordaina da, eta oso garrantzitsua», dio Iñigo Imazek. «Alde guztietatik begiratuta ere handia litzateke bost euskal talde Ohorezko Mailan egotea. Ekonomikoki garrantzitsua da taldeentzat, bidaia gutxiago izango liratekeelako eta sarreretan ere irabaziko genukeelako. Kirol arloan ere ikaragarria litzateke. Zerbait ongi egiten ari garen seinalea izango litzateke, noski», dio, berriz, Joxe Elosegik. Horretara heltzeko, ordea, lehenengo igoera fasea segurtatu behar dute biek. Garbi utzi digute ez dutela egungo erritmoa jaitsiko.