Rajoyren murrizketak arbuiatzen dituztela adierazi dute euskal pentsiodunek
«Iruzur egin nahi digu Rajoyren gobernuak». Horren argi mintzatu ziren atzo Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako pentsiodunak, Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, hain zuzen, Madrileko agintariek hartutako azken neurriak salatzeko egin zuten agerraldian.
Mikel PASTOR | BILBO
Pasa den ostiralean Gobernu espainolak hartutako neurriak salatzeko prentsaurrekoa eman zuten atzo Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunek. Bilboko Hotel Abandon egindako agerraldian, Mikel Argiñarenak eta Patricia Alvarezek komunikatua irakurri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.
Bertan, Rajoyren gobernuak «engainu zikinen bidez» iruzur egin diela salatu zuten, euren pentsioak igoko zituela esanez. Modu honetan, «gizartearen aurrean pribilegiatu bezala» geratzen direla nabarmendu zuten, nahiz eta errealitatea oso bestelakoa izan. Horregatik, Rajoyren jarrera «demagogikoa» agerian utzi nahi izan zuten bozeramaileek.
Gero eta okerrago
Azken bi urte hauetan, Madrilen erabakiz, pentsioak izoztuta geratu direla gogorarazi zuten bozeramaileek, eta horrek pentsiodunen erosteko ahalmena «egoera estuan» utzi duela.
Rajoyk pentsioetan iragarritako %1eko igoera hori «iruzurra» baino ez dela salatu zuten. Euren tesia indartzeko, datu gordinak erabili zituzten: «Zergatik ez dute hobetu gure irabazia kontsumo prezioen indizeak azaroan markatzen zuen %3ko horrekin?», galdetu zioten Gobernuari.
Alargunak diren pentsiodunen egoera ere «nabarmen txartu» dela nabarmendu zuten, «kolektibo honen pentsioen hobekuntza atzeratu egin delako beste behin». Modu horretan, hilean kobratzen duten 695 euroekin bizitzen saiatu behar dute Euskal Herrian dauden 150.000 inguru alargunek, «pobrezia larrian».
Mendekotasun egoeran dauden pertsonen kontrako «eraso» gehiago izaten ari direla ere salatu zuten Alvarezek eta Argiñarenak. Horien esanetan, kolektibo hori «itotzeko zorian dago», Madrileko Gobernuak hartutako erabakiengatik. «Diru laguntza eskasagoak, itxaron zerrenda luzeagoak, atzerapenak zerbitzu guztietan, eta abar».
Ondorio gisa Hego Euskal Herriko plataformek adierazi zutenez, pentsiodunentzat argi geratu da «Madriletik datozen neurrien kaltea», baita zein den ere «Espainiako, Iruñeko eta Gasteizko gobernuan zeregina» , hain zuzen, beraien ustetan, «banku eta bankarien irabaziak bermatzea».
Neurri hauen aurrean mobilizazioak egingo dituztela aditzera eman zuten, eta erakunde sindikal eta sozialekin elkartzeko asmoa dutela jakinarazi zuten. Ekintza horiek noiz izango diren datozen asteetan argituko dutela iragarri zuten.
2009tik gaur egunera %7 egin dute gora prezioek, baina oinarrizko erosgaiak (argindarra, jakiak, garraioak) kontuan hartuz gero -pentsiodunek gehien erabiltzen dituztenak, alegia- portzentaje hori %10era heltzen da.
Zenbateko hori jasotzen dute hilean Hego Euskal Herrian dauden 150.000 alargunek. Gobernuak alarguntzaren pentsioen hobekuntza atzeratu egin du berriz ere, eta kolektibo hau egoera are larriagoan utzi du, pobreziatik gertu.