Lander Garro | Idazlea
Postala
Urte berrirako zorion-postala jaso dut, enegarrena. Kandelak ageri dira gehienetan, etxeko berotasunaren sinbolo, eta paisaia elurtuak, etxe txikietako leiho argituak, eta oinezkoak, txano eta aterki apainduak. Eguberriak ipuinetan izan omen ziren bezala, inoiz ikusi ez ditugun bezala dira postaletan (hemen ez baitu elurrik egiten). Kistch eremuko irudiak dira, eliteko ez direnentzat irudi maitagarriak, eta eliteko sasiadituontzat isekarako arrazoi. Haien gainetik gaudela uste dugu. Urrez margotutako hizki handiosoak, degradatuen bidez margotutako zeru beltz-urdinak, bost puntako izarrekin apaindutakoak, mendi elurtuak han hondoan eta, noski, tximiniak (gure erradiadoreen aldamenean hain harrigarriak). Burgesiaren hornidurak dira, ergelkeria eta autismoa elikatzeko irudi engainagarriak, Eguberriak diren bezala, azken batean, axola ez zaigun jainko baten gorazarre egiteko ospakizun banidosoak eta, hori nahikoa ez balitz bezala, xantaian oinarritutakoak, ze jaiotan kolokan dagoena ez baita gure zoriona bakarrik, gure sendiena baizik. Ze, gure zilborragatik balitz, kia, baina ez iezadazu, arren, familia-albuma ukitu: hori da kendu ez didazuen gauza bakarra. Eta, Eguberriak kontsumismo dosi eder batez ospatzea, oparitan denetik eta jatekoan gehiago gastatzea, familia aintzat hartzea baita, haien «besteak bezala» izateko eskubide unibertsala. Horretarako okertu dugu bizkarra lanean urteetan: norbait izateko. Burua tente eraman ahal izateko: «Nahiago nuke oparien saltsan ez sartu, baina esaiozu nire amari, nire aitari, nire osabari... haiek daukaten ilusioa!». Besteen ilusioa ez zapuzteko bihotza ireki behar zelakoan, kartera irekitzen dugu. Kontua irekitzea baita, eta xahutzea. Baita ez daukaguna ere.