Bozgorailuak inoiz baino ozenkiago
Koldo OTAMENDI
Pasa den urtean bezala, bi egunetan ospatuko da Hatortxu Rock Festibala. Ostiralean, erritmo lasaiak izango dira, Bide Ertzean eta Kerobia taldeekin. Larunbata izango da egun handia, taula gainean zortzi musika talde arituko baitira. Emanaldi guztiotarako bi karpa eta bi agertoki paratuko dituzte antolatzaileek.
Ostiral gauean, esan bezala, Bide Ertzean eta Kerobia taldeek joko dute zuzenean. Bide Ertzean taldearekin batera, zenbait lagun igoko dira taula gainera, tartean, Gorka Urbizu, Naroa Amaiur edo Aritz Deabruak. Taldea, boskote moduan taularatuko da: Ubeda anaiak, Karlos Aranzegi, Fran Iturbe eta Joserra Senperena. Bestalde, Kerobia taldeak denboraldi batean eskainiko duen azken kontzertua izango du ostiral gauekoa. Horrela, taldeak amaiera emango dio azken hiru urteetan martxan izan duen «Epilogo» egitasmoari. Gainera, azken urtean taula gainean lagun izan duten Ruben gitarra-jotzailearen azken saioa izango da. Iruñeko bandak emanaldi akustikoa eta elektrikoa uztartuko ditu ordu eta erdi inguru iraungo duen musika saioan. Kontzertu hori eman, eta hortik aurrera entsegu lokalean sartuko dira kantu berriak konposatzera.
Larunbatean iritsiko dira melodia oldarkorragoak Hatortxura. Gauak metal gogorretik patxangarako bidea egingo du, hip-hopa, ska, punk-rocka eta pop-rock musika erak nahastuz soinu koktelera koloretsuan. Soziedad Alkoholika taldeak «Cadenas de Odio» disko berria aurkeztuko du emanaldi honetan, beti bezain indartsu eta erabateko. Gauza bera egingo dute Ze Esatek! taldekoek. Berriki argitaratu duten «Rock&Ron» laneko kantuak izango dira zerrendan nagusi, betiko klasikoekin batera. Aldarrikapen mezuekin jarraituz, Reincidentes talde andaluziarrak kaleko punk doinuak zabalduko ditu. Honek ere disko berria ekarriko du: «Tiempos de Ira». Sevillatik, era berean, baina erritmo gogorragoekin, Narco taldea arituko da. Rap-metal musikatik gertuago, baina intentsitaterik galdu gabe.
Afixan nabarmentzeko beste izen bat Leihotikan talde nafarra da. Hainbat denbora agertokietatik kanpo egon eta gero, pasa den astean motorrak berotu zituzten Donostiako Doka aretoan, eta larunbatean Hatortxum izango dira. Ken Zazpik erritmo leunagoak ekarriko ditu. Barruraino sartzen diren pop rock kantuak dira eurenak, gozoak eta sentikorrak. Betagarrik bosgarren aldiz joko du Hatortxun. Agian, jaialdian gehien jo duen taldea da bera. Bere musika formula, betiere, zuzena eta eraginkorra: ska-rocka, aldarrikapena eta dantza. Azkenik, Bad Sound Systemekoak arituko dira, hip hop eta sustraidun musika beltzaren festan.