GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bakegintzan arduraz aritzeko eskatuko dio EAk PPri, hurrengo asteko bileran

Euskal Herriko egoera dela-eta, arduraz jokatzeko eskatuko dio EAko presidente Pello Urizarrek EAEko PPko buru Antonio Basagoitiri hilaren 12an izango duten bileran. «Guztiok arduraz jokatu behar badugu ere, PPren ardura handiagoa da, Madrilen agintzen duelako».

GARA | BILBO

Euskal Herrian bake eta normalizazio politikoa lortzeko abian den prozesuan arduraz jokatzeko eskatuko dio EAko presidente Pello Urizarrek EAEko PPko buru Antonio Basagoitiri, hilaren 12an izango duten bileran.

ETBri eskainitako elkarrizketa batean Urizarrek nabarmendu zuenez, ETAren adierazpenaren ostean Euskal Herrian bizi dugun egoeran, alderdi guztiek jokatu behar dute arduraz, baina PPri dagokionez, arduratsu izateko premia hori handiagoa da, berak agintzen duelako Gobernu espainolean.

«Komunikabideetan oihartzunik izan gabe eta legea aldatu gabe gauza asko egin daitezke. Borondatea badago, diskrezioz aritzeko aukera dago», gaineratu zuen Urizarrek PPren jarrerari buruz.

Bestalde, gogora ekarri zioten asteartean Basagoitik esandakoa, alegia, «ETA desagertzeko zer egin» esango ziola EAri bileran. Urizarrek, horri erantzunez, esan zuen EAk argi eta garbi duela ETAk lehen pausoa eman behar zuela, «baina orain ezin dugu espero soilik alde bakar batek ematea pausoak».

Ezker abertzaleak ETAren biktimen omenaldietan etorkizunean parte hartuko duela ere argi duela EAk adierazi zuen Urizarrek, eta era berean, presoen aldeko mobilizazioen gaineko debekuak ulertezinak direla gaineratu zuen.

Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko aukeraren gainean, lege-agintaldia ez dela agortuko esan zuen Urizarrek.

«PP alderdia Patxi Lopezen Gobernuaren gainean egongo da, gero eta gehiago. Eta hala, lehendakariak aurrera egin ahal duen ala egoera horri amaiera ipini hautatu beharko du», esan zuen EAko presidenteak.

Kutxabanken administrazio kontseilua osatzeko lortu berri duten akordioaz ere aritu zen Urizar, eta EAJk eta PPk kutxa berriaren kontrola beren eskuetan gorde dutela-eta, honakoa erantsi zuen: «Ez dakit legala den ala ez, baina ez zait oso argia iruditzen eta erakunde bakoitzaren asanbladekiko errespetu falta dela uste dut».

Aralarrekin ere bildu zen

Datorren astean PPk EArekin izango duen bilera ez da Amaiur koalizioko kide den alderdi batekin egingo duen lehena, azaroan Basagoiti bera Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletarekin bildu baitzen alderdi eskuindarrak Donostian duen egoitzan. Bilera hartan Aralarrek etorkizunerako ibilbidea Gernikako Akordioa izango zela adierazi zuen. PPk, ordea, ETAren behin betiko desagerpena eskatu zuen aurrera egin ahal izateko

hauteskundeak

Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratuko direla adierazi zuen Urizarrek, Patxi Lopezek ezin izango baitio PPren presioari eutsi denbora luzez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo