GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekaitz Etxean! ekimenak ekitaldi jendetsua iragarri du urtarrilaren 14rako, Gasteizen

Urtarrilaren 14an Ekaitz Etxean! ekimena osatzen duten pertsona eta kolektibo guztiak bilduko dira Gasteizko kaleetan euskal gizartearen eskudibe zibil eta poliko guztiak aldarrikatzeko prest.

p016_f02_148x092.jpg

Ion SALGADO | GASTEIZ

Ekaitz Etxean! ekimenaren bozeramaileek urtarrilaren 14rako mobilizazio «zabal eta jendetsua» iragarri zuten atzo, Arabako hiriburuan. Azaldu zuten bezala, hurrengo larunbatean, hilaren 14an, Gasteizko kaleetan gauzatuko den ekitaldian norbanakoen eskubide zibil eta politikoak defendatuko dituzte.

Alde Zaharreko Auzolan frontoian egindako prentsaurrekoan, Txotxe Anduezak eta Txerra Bolinagak, Plazara! ekimenaren bozeramaileek -Eleak! mugimenduak Araban hartzen duen izendapena- Euskal Herriko gazte abertzaleek jasaten duten eskubide murrizketa salatu zuten. «Horregatik, mundu guztiari egun hau [urtarrilaren 14a] agendan apuntatzeko gonbita egin nahi diogu», nabarmendu zuten.

Eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematikoari amaiera eman behar zaiola uste duten pertsona guztiei mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena zabaldu zien Anduezak. «Nahikoa delako! Nahikoa da jendea kartzelara eramateaz antolatze hutsagatik, eztabaidarako dokumentuak idazteagatik, prentsaurrekoak emateagatik edo legez kanpo dagoen antolakunde baten pegatinak izateagatik. Beraien eskubideen jardunean aritzeagatik», adierazi zuen.

Hala ere, komunikabideen aurrean agertu ziren bi ordezkariek azaldu zuten bezala, urriaren 14an egitekotan diren ekitaldiak ez du Ekaitz Samaniegoren atxiloketa eta kartzelatzea eragotziko; baina, nabarmendu zutenez, Gasteizko kaleetan, «lor dezakegu Ekaitzek eta beste hainbatek epaitegiek ezarritako zigorrak bere osotasunean ez betetzea. Baita epaiketaren zain daudenak kartzela zapaltzera ez iristea ere». Parte hartzera dei egin zuten, beraz, «Ekaitzengatik eta beste guztiengatik, urtarrilaren 14an, kalera».

Balorazio positiboa

Bestalde, pasa den astean Ekaitz Samaniegoren omenez Los Angeles elizan egindako itxialdiari buruz balorazio «oso positiboa» egin zuen Txotxe Anduezak. Bere ustez, itxialdia «hiri osoan eta Euskal Herriko txoko askotan sentitu den elkartasun eta konpromiso gune bilakatu da».

Bukatzeko, Plazara! ekimeneko ordezkariak Ekaitz Samaniegoren egoeraz hitz egin zuen. Azaldu zuenez, gazte gasteiztarrak bere kasua eta beste batzuena ahalik eta gehien ikusarazteko asmoz bere burua bolada batez gordetzea erabaki du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo