GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hamaika ahots bat eginda uholdeei irtenbidea emateko

Taldean banaka baino presio handiagoa egiten dela, eta, hortaz, emaitza hobeak lor daitezkeela ulertuta, Urumea ibaiaren ondoan bizi diren Donostia, Hernani eta Astigarragako bizilagunek plataforma bat sortu dute uholdeei behin betiko irtenbidea bilatzeko. Ahots guztiak bakarrean elkartuta, erakundeekin elkarlanean aritzeko borondatea azaldu dute.

p022_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

«Hainbeste urte dira inolako erantzunik jaso ez dugula, bat egiteko ordua zela ikusi genuela», adierazi zuten atzo Martuteneko bizilagunen elkartetik. Hamarkadak daramatzate Urumea ibaiak gainezka egiten duenean eragiten dituen kalteak sufritzen, baina azaroaren 6ko uholdeek argi gorriak piztu zituzten: Hernanik, Astigarragak eta Donostiako Martutene, Txomin eta Loiola auzoek halakorik ez zutela gogoratzen azpimarratu zuten orduko hartan.

Etxebizitza, auto eta gainontzekoetan pairatutako kalte materialek mina eragin zuten ehunka bizilagunen artean, baina are mingarriagoa zaie urte luzez «erakundeetatik» jasotako arreta. «Hutsaren hurrengoa», nabarmentzen dute bizilagunek. Horrenbestez, erakundeen aurrean indar handiagoa egiteko asmoz, Urumearen Aldeko Bizilagunak plataforma aurkeztu zuten atzo.

Martuteneko Sarroeta, Txomineko Lanberri, Astigarragako Herrikoi eta Hernaniko Puerto, Karabel, Zikuñaga eta Osinaga auzoetako bizilagun elkarteek ordezkaritza izango dute plataforma berrian. Halaber, bertako kide dira Hernani Kirol Elkartea, Hernani Errugbi Elkartea, Donostia Arraun Lagunak eta Ur Kirolak.

Atzokoan, martxa bana abiatu zen Astigarragako Ergobia auzotik eta Txominetik 11.30ean, biek Martutenen bat egiteko. Txilibituak joz eta zartaginak kolpatuz -ume batek San Sebastian eguna ate joka dela-eta danborra kolpatzeko baliatu zuen-, arazoari behin betiko irtenbidea emateko eskatu zuten 200 bizilagunek. «Ahal dugun guztia kexatuko gara», zioen Maria Teresa Lopezek. Bere etxebizitzak azken uholdeetan kalterik jaso ez bazuen ere, bere seme-alabek Txominen «dena» galdu zutela erantsi zuen.

Oraindik «inpotente» sentitzen direla azpimarratu ostean, bizilagunen elkartasuna goraipatu zuen Lopezek: «Eskerrak horri!». Alboan hiru emakumek buruarekin ados zeudela adierazi zuten: «Gure arteko elkartasuna handitu egin da, une larrietan hala gertatzen baita beti».

Lopezek iritzi zuen eskatzen dutena ez dela «beste munduko ezer»; oinarrian, ibaia garbitzea eta baldintza onetan mantentzea. «Donostiako metrorako dirua badago, honetarako ere egon beharko luke. Gu ere ez al gara donostiarrak?», galdetu zuen haserre.

Kaltetuetako batek adierazi zuenez, gaur egun, uholdeak gertatu zirenetik bi hilabete baino gehiago igaro direnean, Txominen 30 familia inguru ez dira euren etxeetara bueltatu eta taberna batzuk ere oraindik itxita daude. Jimmyk, adibidez, musika talde bat du, eta, azaldu zuenez, entseatzeko duten lokala ezin dute erabili hezetasunak guztiz jota dagoelako.

Lopezek ez bezala, Jimmyk jaso du aseguru partzuergoaren dirua: «Uste baino hobeto portatu dira». Zentzu horretan ere, Donostiako Udalaren aldetik jasotako erantzuna ona izan dela erantsi zuen. Uholdeak jazo ziren asteburuan erakundeek euren artean izandako koordinazioa «oso txarra» izan zela salatu zuten kaltetuek, baina handik egun gutxira, zinegotziak eta suhiltzaile nahiz udaltzainen ordezkariak lagun, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea Txomin eta Martutenera gerturatu zen bertakoekin bilera bana egiteko. Bilkura horietan salaketa asko jaso zituzten, eta tentsio handiko uneak ere bizi izan ziren, baina, gerora, irakurketa positiboa egin dute aldeek, bilerok harreman estuago baten hasiera izan daitezkeela uste baitute.

Informazio trukaketa

Jaio berria den Urumearen Aldeko Bizilagunak plataformak, lan mardula du orain aurrez aurre, baina bertako kideak benetan gogotsu dira. Lan plangintza zehazten ari dira eta hilean behin bilerak egingo dituzte elkarteetako ordezkariekin ibaiaren inguruko informazio eta albiste berriak elkarrekin trukatzeko.

Erakundeekin lanean aritzeko prestutasuna eta gogoa ere azaldu dute plataformako kideek. Hala, orain arteko harreman hotzak hobetzea da xedeetako bat, hori gakoa baita egungo egoera konpontzeko. Halaber, larrialdi egoeretarako mikroplana hobetzeko batzordean zein erakunde arteko batzordean parte hartzeko asmoa ere badute, erakundeetatik hobe daitekeena hobetzeko. Izan ere, horretarako, Urumea ibaitik bertatik bertara bizi direnen ahotsa entzun beharra dago.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo