GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

BBKutxa, BBBank

Imajinatu egiten dut globalizatzaileek globalizatuoi kantatzen, makila eskuan, iparreko munduan omen den han-hemengo burtsaren batetik: Maite dugu maite guk merkatua zuhaitzek ezkutatzen dizutenean, zer ezkutatzen duten ez dutenean ikusten uzten.... Jakina, jatorrizko kanta ez da euskaraz, globalizazioaz ari naiz eta!. Baina tira, harira! zuhaitzek ez diezagutela basoa ezkutatu, desertuan izan arren, zuhaitzak pinu eta basoa pinudi badira ere. Ipar-mundua aldapan behera doa, hegorantz, gero eta gehiago, bera doan autoa elektrikoa izanda ere, beherantz. Balazta barik joan ere, hainbeste mozketekin azkenean autoari balazta jartzea ahaztu baitzitzaien, jesarlekua foka-larruzkoa izan arren. Hau kolpea! iparrorratzak etengabe markatzen du hegoa. Total, hegoko lehengaiak agortze bidean jarri ditu iparrak; eta hegoan inoiz izan ez direnak ere berdin, agorrean. Horra, kasuko, Ajuria Enea bera. Legegintzaldia agortuta jaio bazen ere kosta ahala kosta ari dira eusten, arreta intentsiboan, hernia aterako balitzaie ere, lehengaia direlakoan. Gizajoak, benetako lehengaiak!

Hauen gobernuak ekarri omen du erakunde armatuaren behin betiko etena. Logika berean, eurek ekarri dute vespa velutina asiar liztorra, eta eurek bazkide zituen gobernu jelkideak ekarriko zituen uholdeak eta lehorteak ere. Logikaren logikaz. Portzierto, jelkideak berritzen ari dira egunotan euren etxea, eta litekeena da EBB berritua BBBren berdintsua izatea, Kutxabank hori BBKren berdintsua den moduan. Hortaz, Euskadi hori gero eta bizkaietsiagoa da, eta Bizkaia gero eta bilboetsiagoa. Beharbada, horregatik bost ardura die Erralde hiltegiaren ingurukoak. Agian pentsatuko dute geroan, Ajuria Enea plaza berriz mendean hartuta, ikusi beharko!, ganadua AHTn ekarriko dutela urrunetik, belarra inoiz ikusi gabeko abereak, seguruenik ere. Eta akaso orduan, ETBn Erralde izeneko serie bat ekoiztuko, baserria zenaz. Jeltzaleena merkatuei konfiantza ematea da. Konfiantza hurbileko azokek behar izan arren eurek urruneko merkatuei eman nahi. Baina zeinek jakin! Iruñerrian antena jartzea lortu izan bada, litekeena da jelkideok antenaz aldatu eta bestelako sintonian aritzea, lege zaharrak behingoz berritu eta azokei lotuz. Baina nik neuk sikiera ez daukat horretan konfiantza, espazioan hurbilekoak izanda ere. Eta konfiantzakoekin egin behar da bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo