GARA > Idatzia > Euskal Herria

Uemak udal gehiagotara hedatzeko erronka jarri dio bere buruari Zumaian

O.L |

Uemako ordezkari politikoek 2012. urteko egitasmoak eta aurrekontua aho batez onartu zituzten atzo Zumaian egindako batzarrean. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten herrien kopurua zabaltzea hartu zuten, gainera, aurtengo ikasturteko erronka nagusi gisa.

Uemako lehendakari Maren Belastegik aitortu moduan, joan den maiatzeko udal hauteskundeetatik hogei bat udalekin izan dira harremanetan. Datozen hilabeteetan udal horietako askok mankomunitatean sartzeko eskaera egitea espero du orain Uemako lehendakariak. Jauzi kualitatibo horrez gain, Ipar Euskal Herriko eragileekin lan ildoa berreskuratzeko asmoa dutela ere iragarri zuen Belastegik.

Datozen hilabeteetan garatuko dituzten egitasmoen nondik norakoak ere zehaztu zituzten atzoko batzarrean. Hala, euskararen arnasguneak zer diren eta euskararen normalizazioan zer-nolako garrantzia duten gizarteratzea, udalez udal barne erabilera planetan sakontzea eta udal administrazioetatik kanpoko esparruetan eragitea izango dira Uemaren egiteko nagusiak. Aurtengo Uema eguna Goizuetan izango dela ere erabaki zuten atzoko Zumaiako batzarrean parte hartu zuten zinegotzi zein alkateek.

Aurrera begiratzeaz gain, atzean utzitako urtearen balantzea ere egin zuten Uema osatzen duten herrietako ordezkariek. Hala, udal hauteskundeek ekarritako egoera politiko berriak eragin handia izan duela nabarmendu zuten. Izan ere, azaldu zutenez, azken hauteskundeen ondorioz mankomunitatea 61 kide izatera iritsi da, eta, horrez gain, Zuzendaritza Batzordean alderdi abertzale nagusi guztien ordezkariak izatea lortu dute.

Bestalde, gainerako lan ildoei dagokienez, iazko ikasturtean erakundeekin zituzten harremanak hobetzea lortu izana nabarmendu zuten batzarrean. Ildo horretan, Lakuako Gobernuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanak bideratu izana azpimarratu zuten.

Iazko ikasturtean «Hizkuntz ekologia eta lurralde euskaldunak» goiburuarekin egindako topaketak ere izan zituzten hizpide. Nabarmendu zutenez, Uemaren hogei urteko ibilbidea eta etorkizuneko lan ildoak markatu zituzten bertan.

Plangintza nazionala

Zumaiako Alondegian egindako batzarrean Kontseiluko Iñaki Lasak ere parte hartu zuen, euskararen normalizazioan udal administrazioek duten garrantzia aztertu zuen hitzaldia eskainiz. Uemako udalerrietan egindako lana «handia eta eraginkorra» izan dela aitortu zuen arren, euskara normalizatzeko plangintza nazional bat ez edukitzea gabezia handia dela ere gaineratu zuen Lasak. Egun, euskararen normalizazioaren etorkizuna nagusiki udalerri euskaldunetan jokatzen ari dela uste du Kontseiluko kideak.

Estatu espainol zein frantsesak euskarari «legezko muga handiak» jarri izan dizkiotela kritikatu zuen Lasak hitzaldian. Ez hori bakarrik, aurrerantzean ere bi estatuek arazoak sor ditzaketela ohartarazi zuen. Kontseiluko kidearen arabera, euskararen normalizazioren arrakastarako giltzarrietako bat herri gogoa izatea da, eta, ildo horretan, «suaren apaltze bat» sumatu duela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo