GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herria Zuzenean musika jaialdiak Heletan jarraituko du gutxienez beste hiru urtez

Euskal Herria Zuzenean festibalaren antolatzaileek biltzar garrantzitsua egin zuten atzo Hazparnen. Bertan, besteak beste, festibala datorren hiru urteetan Heletan egiten jarraitzea erabaki zuten «aho batez».

p055_f01_096x096.jpg

Mattin PETRISSANS - Kazeta.info | DONOSTIA

2011ko bilan ekonomikoaren aurkezpena, EHZren norabideak geroari begira, hurrengo urteetako festibalaren lekuaren hautua, 2012ko proiektuaren aurkezpena eta bozka. Horra atzo EHZk Heletan antolaturik zuen biltzar nagusiaren gai-zerrenda.

Hiru urte Heletan pasa ondoren, zurrumurru ugari entzun dira azkenaldian Euskal Herria Zuzenean festibalaren balizko toki aldaketa bati buruz.

EHZko permanentea den Antton Lannesek, ordea, biltzarrari zegokiola erabakia hartzea nabarmendu zuen joan den hilabetean. «Gai horri buruzko zurrumurru ugari dira beti. Denetarik entzuten da: festibala Irisarri, Beskoitze edo Hazparnera joanen dela diotenak, adibidez. Baina biltzarrak du hitza», azaldu zuen.

Heletako Philippe Etchepare auzapezak ere zuhurtziaz hitz egin zuen. Kazeta.info atariari eginiko adierazpenetan, honakoa erran zuen: «Ez da fitsik egina eta urtarrilaren 14an gehiago jakinen dugu».

Festibalaren kokapena finkatzeaz gain, balantze ekonomikoa aipatua zen biltzarrean. 2011ko edizioan, EHZk 26.000 euroko galera eduki zuen. «Diruztatzeari buruzko hausnarketa baten eramatea erabaki dugu, ezin baitugu festibala aitzina eraman dirua galduz», azaldu zion webguneari EHZko Eneko Etxegarai lehendakariak. Iaz bezala, 700.000 euro ingurukoa izanen da aurtengo edizioko buxeta.

Festibalaren mamia dela-eta, «erakusleiho ez ezik EHZ kultur eragile aktibo ere bilakatzea» nahi dutela goraipatu zuen Etxegaraik. Helburu horrekin Heletan eginiko biltzarrean hiru lan ardatz zehaztu zituzten atzokoan: sorkuntzak sustatu eta hedatu nahi ditu EHZk, ikusgarrigintzari bultzada eman dio festibalak, eta bere izpiritu kritikoa atxikiz gogoetak bultzatu nahi ditu (konferentziak, zine gaualdiak...).

«Euskal Herrira Zuzenean (EHrZ) kontzertu lehiaketaren finalerdiak Donostiako Intxaurrondo auzoan antolatuko ditugu. Hala ere, finala Miarritzeko Atabal aretoan iraganen da», zehaztu zuen Etxegaraiek. Ekimen berri horrek agerian uzten duenez, Heletatik Euskal Herri osoari beha jartzeko nahikeria indartu nahi du aurtengoan festibalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo