GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TXILLARDEGI HIL DA

Agurra, Txominen hilotza estali zuen oihal berarekin

Altxorra bezala, ondo baino hobeto gordeta eta zainduta zuen Txillardegik bere etxean 1987. urtean Txomin Iturbe Abasolo lagunaren gorpua estali zuen oihala. Erraustu aurretik, Txillardegik beretzat nahi zuela erabaki eta eskatu egin zuen orain dela 25 urte.

p006_f02.jpg

Amaia EREÑAGA

Oroitzapenez betetako oihala da atzo Txillardegiren gorpuari jarri ziotena. Senideek jarri zioten, beretzat zuen esanahiaren jakitun. Bere lagun izandako Txomin Iturbe Abasolo 1987an Aljerian hil zenetik gordeta zuen. Horrenbestez, arrasatearraren hilotzean jarri zuten oihalak estali zuen atzo Txillardegiren hilotza. Oihal granate berbere berak. Oihalak ordezkatzen zituen sentimenduen jakitun, azken unean Txillardegik gorde egin nahi zuela erabaki eta eskatu egin zuen. Lagunari lotuta egoteko modua zen.

Zapiarekin izan zuen keinuak deskriba dezake Txillardegiren izateko modua, atzo Xabier Mendiguren idazle eta editoreak hizpide izan zuen izateko modua. «Ezagutzen genuen denok esango dugu pertsona goxoa zela. Iritzietan erradikala zen, baina hala izan behar zuela uste zuelako. Adiskidetsua zen», adierazi zuen beilatokian.

Donostiako beilatokira bertaratu zen Mendiguren, kultura nahiz politika arloko beste ordezkari asko bezala. Besteak beste, EAko Juanjo Agirrezabala, Rufi Etxeberria eta Joseba Permach ezker abertzaleko kideak, Irungo Oiasso museo erromatarreko zuzendari izandako Karmele Barandiaran edota Iñaki Egaña historialaria. Baina beste hamaika lagun ere hurbildu ziren beilatokira, aurpegi «ezagunen» artean kazetarientzat «anonimoak», donostiar arruntak, Txillardegiren bizilagunak, era batera edo bestera maite zutenak.

Hitzak barruan pilatzen dira halako uneetan. Oroitzapenak arrapaladan doazenean, hainbeste, eta, aldi berean, hain gutxi esateko gai da gizakia... hitz egitea ez da erraza. Nola asmatu hitzekin? Laudorioen artean «erreferente» izan zen, ezbairik gabe, behin eta berriz errepikatu zen hitza.

Joxe Austin Arrieta idazle donostiarrak nekez bildu zituen indarrak. Laguna baino gehiago, Txillardegi «aita espirituala» zuela esan zuen, «bizitzeko modu baten irakasle» zela iritzita.

Gizon ausarta eta ipurterrea, «humanista handi bat» zela erantsi zuen Mendigurenek. Nekaezina, interes handia erakutsi zuen literaturaren inguruan, filosofiaren gainean. Gauza berriak ikasi eta jakiteko asegabeko gosea sentituko balu bezala, pianoa jotzen zuela gogorarazi zuen Mendigurenek, baita «irakurle amorratua» zela ere. «Buruargia zen, bai -erantsi zuen-, baina ez kultura eta literaturan soilik, baita gizartean ere. Hain zen jakintsua... eta, hala ere, apala zen oso».

Halaber, «euskara batua sortzeko egin zuen ahalegina» azpimarratu beharra dagoela adierazi zuen editoreak, Txillardegi bera izan baitzen egungo euskararen «motorra».

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, Mendigurenek bezala, «zoritxarrez» azken unea heldu zela adierazi zuen, ezinbestean «aurrera egin beharra» dagoela gaineratuz. Bere izenak eta obrak duen pisua aintzat hartuta, «Euskal Herriak eta Donostiak» ikono bat galdu dutela iritzi zuen Izagirrek, eta oraingo belaunaldiei Txillardegiren lekukoa hartu eta hasitako bideari jarraipena ematea dagokiela gaineratu zuen.

Askoren ahotan izan zen atzo ere Txillardegiren «ausardia», etengabe gauzak egitera bultzatzen zuena. Ausardia horrek hainbat arlotan aitzindaria izatera eraman zuen; «hortxe dago -zioen Mendigurenek- euskal literatura modernoaren lehenengo nobela».

Txanda orain, gaurko belaunaldiena da. Utzitako obratik, esandako hitzetatik eta egindako keinuetatik ikasteko. Txanda, beraz, Txillardegik oihal preziatua zaindu zuen maitasun berarekin guk bere ondarea kontserbatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo