GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TXILLARDEGI HIL DA

Agur eta ohore Jose Luis Alvarez Enparantza abertzaleari

«Argi dago: euskarak eraman ninduen abertzaletasunera. Nire ustez, euskaltzale batek derrigor izan behar du abertzalea, ez baitago soluziorik abertzaletasunik gabe». Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» euskaltzale eta idazlearen hitzek bere arima irudika dezakete. Atzo zendu zen Donostian, 84 urte zituela, luzaroan pairatutako gaixotasun baten ondorioz.

p006_f01.jpg

Amaia EREÑAGA

Hizkuntzalari fina, euskara batuaren sustatzailea, idazle oparo eta berritzailea, militante abertzalea, ETAren fundatzaileetariko bat, gizon maitagarria... Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi atzo itzali zitzaigun Donostian, ia urtebetez gaixorik egon ostean. Ez diote hileta elizkizunik egingo, baina, Joseba bere semeak atzo adierazitakoaren arabera, gaur familia giroan erraustu ostean, agur ekitaldia egingo diote datorren astean Donostian. Ezker abertzaleak ere hilaren 29an omenaldia eskainiko diola iragarri zuen atzo.

Gure herriaren ibilbidearen lekuko eta eragile aktibo izandako gizona Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929. urteko irailaren 27an, erdal giroko familia batean. Orain dela bi urte, urrian zehazki, Fermin Munarrizek elkarrizketa sakona egin zion GARAn, eta, bertan, euskarak bere bizitza eta pentsamoldean sustraiak nola bota zituen argitu zuen. «Nik txiki-txikitatik pentsatu dut euskara nire hizkuntza dela, herriak esaten duen bezala: `euskal' herria (pueblo del euskara, literalki, ezta?). Orduan, niretzat ez zen posible Euskal Herria euskararik gabe. Jakina, nik konprenitzen nuen horretarako behar zirela tresna politikoak, behar zela euskal telebista... behar zirela gauzak, gero lortu ditugunak. Garai hartan ez zegoen ezer. Orduan, planteamendu politiko bat egin behar zela esaten nuen. Ni abertzalea naiz, euskara ez dakien jende asko dago hemen, baina horiek ere laguntzaile izango dira borroka honetan, eta, horregatik, euskal politikan ere sartu nintzen».

Bilbon ingeniaritza ikasketak egiten ari zenean hasi zen militatzen eta... orduan kartzelaratu zuten lehen aldiz ere. «Ikusi behar da nola zegoen euskal mugimendua. PNVkoak desastre bat izan dira euskara kontuetan (...). Ni gogoratzen naiz behin egon nintzela Javier Landabururekin -orduan erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea zen- eta galdetzen zidan: `¿José Luis, no aceptarías tú una Euskadi libre sin euskera?'. Eta nik: `¡Pero cómo voy a aceptar una Euskadi sin euskera; eso a mí no me interesa!'. Eta besteak: `¿Pero cómo que no te interesa?'. `Pues claro que no me interesa. Euskal Herria da euskararen herria!'. Berak ez zuen ulertzen. Eta nik pentsatzen nuen: `Landaburu hau non bizi da? Zer mentalitate dauka?'. Eta PNVko jende asko horrelakoa zen. Hau desastrea...».

1950ean, Eusko Ikasleen Alkartasunako partaide izateagatik atxilotu eta espetxeratu zuten; urtebete geroago, hala ere, Ekin antolatu zutenen artean zen. Gerora, ETAren aitzindaria bihurtuko zen Ekin. «PNVrekin genituen harremanak txarrak ziren. Beraiek `los estados vascos' zituzten ahotan beti (...). Gauzak garbi uzteko ordua iritsi zela pentsatu genuen. Gu ez gara PNVkoak, ez dugu ezer jakin nahi PNVkoekin eta goazen organizazio ezberdin bat sortzera. Eta hori izango zen Euskadi Ta Askatasuna».

1958. urte bukaeran lau lagun bildu ziren Deban -Benito del Valle, Julen Madariaga, Iñaki Larramendi eta Txillardegi bera-, eta han ETA sortu zen. Erakunde berria Txillardegik «bataiatu» zuen, «euskaraz besteek baino gehiago nik nekielako. Hasieran pentsatu genuen Aberri Ta Askatasuna izena jartzea, baina siglek ATA ematen zuten eta Bizkaian `ata' [ahate] pato da... Ez zen egokia. Orduan, ATAren ordez, ETA bota nuen; hitzak konjuntzioaren esanahitik aparte ez zuen besterik (...). Julen Madariagak horrelako esaldi historiko bat esan zuen: `Pronto la sigla ETA será más conocida que la sigla EOKA' (Zipreko alde greziarraren alde borrokatzen zen erakundea garai hartan), eta, bai, arrazoia izan zuen...». Madariaga eta besteak erakundearen adar militarrera joan ziren bitartean, Txillardegi euskararen adarrean aritu zen, ikastolen bultzatzaile bihurtuz.

Garai berean Federiko Krutwig eta Koldo Mitxelenarekin lanean ere aritu zen Txillardegi euskara batuaren garapenean. «Nire planteamendua Mitxelenak esaten zuena egitea zen; hemen, arrazoi biologikoengatik ere, gazteek dute etorkizuna, ez zaharrek. Orduan, zaharrak beren bizkaitarkeria zentzuarekin zeuden; PNV zen garai hartan oso muturreko bizkaiera erabiltzen zuena, eta guk esan genuen hemen gauza zentral bat egin behar zela. Mitxelena posizio horretan zegoen. Eta Mitxelenaren alde jarri ginen. Ni pertsonalki ere bai. Harreman estua izan nuen Koldo Mitxelenarekin. Azkenean, Mitxelena inposatu egin zen. Mitxelenak zekien euskarari buruz gu guztiok baino mila aldiz gehiago. Euskarak eman duen jakintsurik handiena Mitxelena izan da».

1960an, denboraldi bat kartzelan pasa ostean, Ipar Euskal Herrira joan zen ETAren lehen erbesteratu publikoa izan zen. Hamasei urte eman zituen erbestean -Parisen, Iparraldean, Bruselan...-, eta, halere, oso oroitzapen onak zituela onartzen zuen. Franco hil ondoren, Hego Euskal Herrira itzuli eta unibertsitatean lanean aritu zen. Hori bai, ibilbide politikoa eta konpromisoa ez zituen bertan behera utzi; horren erakusle, HBrekin hauteskundeetara aurkeztu zen 1979an, Aralarrekin 2005ean eta EAE-ANVrekin 2008an.

Zaila da oso Txillardegirena bezalako ibilbide oparoa laburbiltzea, euskal literatura ere berritu baitzuen, eta, hizkuntzalari bezala ere inork ez baitu bere lana zalantzan jartzen... Hori bai, ardi galdua izan zen. «Nire ustez, ni ez naiz euskaltzain oso arrazoi zaharrengatik eta politika arrazoiengatik, dudarik gabe», onartzen zuen. Azken urteotan bere inguruko ikerketa ugari argitaratu dira, besteak beste, UEUk 2000. urtean «Lagun giroan», 2004ean Elkarrek «Txillardegi. 75 urte euskararen aldeko borrokan» eta 2005ean Henrike Knorr euskaltzainak eta Pilartxo Etxeberriak «Nerekin yaio nun. Txillardegiri omenaldia».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo