GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TXILLARDEGI HIL DA

Chapeau, Txillar

p008_f02.jpg

Laura MINTEGI Idazlea

Chapeau Txillar» titulua zeraman zutabea idatzi nuen 1989an Txillar zoriontzeko. EHUk Jose Luis Pinillos honoris causa izendatu zuen eta Txillar, ikasle andanarekin batera, aretoan sartu zen «honoris fatxa» zeraman pankartaz, bonba fetidoaz eta «kanpora» ohikatuz. El País egunkariaren arabera «Un grupo radical revienta el doctorado `honoris causa' de Pinillos en el País Vasco. Álvarez Emparantza, senador de HB y filólogo, encabezó a los boicoteadores». Ordurako 60 urte zituen, senataria zen, idazlea eta linguista ezaguna. Lankide gehienak bulegoetan gelditu ziren bitartean, berak egin zuen kontzientziak eskatzen ziona. Halakoxea zen bera, esaneko eta hurbileko. Oso-osoa.

Txipi Ormaetxeak maitasun handiz koordinatu zuen «Txillardegi lagun giroan» liburu ederrean azaldu nuena ez dut berriz aipatuko, (http://www.buruxkak.org/liburuak_ikusi/1950/txillardegi_lagun_giroan.html), ezta nola ezagutu nuen Txillar, UEU Ustaritzen egiten zen garaian eta ETAren bilerak txintxeta batetik eskegitako paper zatiaz edozein hormatan iragartzen zirenean.

Gaur idazle konprometitua ekarri nahi nuke gogora, intelektual kontsekuentea. Ur Apalategik «Literatura eta Iraultza» mahai-ingurua antolatu zuen 2004an Txillar omentzeko eta Iban Zaldua, Juanjo Olasagarre eta hirurok jarri gintuen mintzo. Jendartean Txillar zegoen, Joxeaustin Arrietaren ondoan. Ez dakit orduko hartan asmatu nuen adierazten zenbat irakatsi digun idazleoi. Gaur berretsi nahi nuke nire eskerrona berarengandik ikasi genuelako literatura iraultzailea ez dela nobela komandoz eta militantez betetzen duena, baizik eta apostu literario berritzaile eta ausartak egiten dituena. Berak erakutsi zigun arriskuak hartzen eta ezer ez ematen jakintzat, erratu arren. Merci, Txillar, eta musu bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo