TXILLARDEGI HIL DA
Arrastoa utzi duen gizona
Joxean AGIRRE
Kazetaria eta «Hitza hitz. Txillardegirekin solasean» (Elkar) liburuaren egilea
Bi konpromiso horiek poz adina sufrikario ekarri diote bizitzan zehar. Sufrikario handienak beharbada konpromiso politikoak ekarri dizkio: 30 etxetik gora aldatu zituen erbestean egon zen urteetan eta horietako gehienak presaka abandonatu behar izan zituen, poliziak horretara behartuta. Baina euskararen alde egin zuen ibilbideak ere ekarri zion saminik, bere jarrera politikoak zirela tarteko, baztertu egin baitzuten behin eta berriz. Arantza hori barruan zuela bizi izan da urte askoan, samin hori isilka eraman badu ere. Gogoratu, bestalde, 1980an ESBtik bota egin zutela erakunde horretan euskarak behar zuen lekuaz eztabaida gogor bat piztu ondoren.
Gauza asko izan da Txillardegi: literaturagile, idazle, hizkuntzalari, ekintzaile, pentsalari eta irakasle. Belaunaldi batek «Huntaz eta hartaz» liburuko saiakera laburrak irakurriz ezagutu genuen Txillardegi. Teilhard de Chardin, Kierkegaard eta Ghandi aipatzen ziren han behin eta berriz eta Sartreren nahiz Bertrad Russellen aipuak biltzen zituen, garaiko gazte askok ikur bakartzat marxismoa zutenean. Txillardegi, ordea, ezberdina zen eta izan da geroztik ere. Humanista bat zen. Kolektiboa gizakia zapaltzen duen makinaria bat zela uste zuen eta ideia horri eutsi egin zion, bere erreferentzia nagusienetako batzuk, Sartrek esate baterako, ziaboga harrigarri bat egin eta Parisko gazte maoistekin bat egiten zuen bitartean. Txillardegiri, noski, marxismoa hirugarren munduko korronte ideologikoa iruditzen zitzaion.
Adinak ez du barkatzen eta azken urteak erretiraturik bizi izan ditu Txillardegik, baina orain hogeita hamar urte Torrealdaik «Euskal idazleak gaur» liburua prestatzeko inkesta bat burutu zuelarik, Txillardegi agertzen zen idazle maitatuenen zerrendako lehen postuan.
Literaturari dagokionez, Txomin Agirreren nobelak irakurri ondoren «Leturiaren egunkari ezkutua» irakurtzea amildegi batera jauzia egitea bezala izan zen guretzat. Baina literatura eginkizun marginaltzat zuen berak eta bere eragina ere marginala izan dela esan daiteke arlo honetan, bere nobelak tesi nobelak direlako, linealegiak, literatura modernoa markatu duten autoreei jaramon gehiegi egin gabe idatziak. Bere garaiko erronka intelektual eta sozialei erantzuteko edo bere kezka metafisikoak agertzeko baliatu zuen literatura eta inork ez dio ukatuko Arestirekin batean euskal literaturaren aro berri bat zabaldu ez zuenik.
Euskara batuaren aitzindari izan zen Krutwig-ekin batean, artean euskaltzain asko zalantzaz beterik zebiltzanean eta geroztik, euskararen normalizazioaren aldeko erakunde eta ekimen guztietan hartu du parte.
Hala ere, bere ibilbide nagusia, gure historia hurbila erabat markatu duena, politikoa izan zen. Ekin-en sortzaile izan zen eta ETAren sortzaile ondoren.
Badira 16 urte, Elkar argitaletxearen aginduz, berari elkarrizketa luze bat egiteko zoria izan nuela. Elkarrizketa horien emaitza izan zen «Hitza hitz. Txillardegirekin solasean» liburua. Amasan zuen baserrian bildu ginen ez dakit zenbat arratsaldetan, hormak liburuz estaliak zituen egongela batean. Anaia gazteagoa hil berria zuen eta heriotzaren gaia ere aipatu genuen. «Anaia ni baino gazteagoa zen eta urtebete eman du ohean inolako esperantzarik gabe. Nik astero egiten nion bisita eta horrek bultzatzen zaitu heriotzari buruz pentsatzera. Baina, egia esan behar badut, ez diot gaiari buelta gehiegirik ematen. Fatalitate handi batez ikusten dut heriotza. Badakit egunen batean etorriko dela eta kito!», zioen erantzunetako batean. Ea hilezkortasunak axola zion galdetuta, berriz, «kezka hori gizatiarra dela uste dut, baina bestalde erabat komikoa iruditzen zait. Begira. Nik bolada luze batean Andromedaren argazki handi bat izan nuen nire gelako horman zintzilik. Tarteka oraindik prismatikoak hartu eta oso gau garbia denean saiatu ohi naiz Andromeda Kasiopea aldean aurkitzen. Gure begientzat lainoxka bezala da, baina bi milioi urte behar ditu argiak handik hona iristeko. Gure Esne Bidearen ahizpa bizkia da, 200.000 milioi izarrek osatua eta izar pilo hori hor bertan, auzoan, dagoen galaxia bat baizik ez da, beste milaka galaxia daude unibertsoan. Magnitude horietan pentsatzen jarrita, mingarria da gure harrotasunarentzat, baina ez gara ezer eta gure hilezkortasuna komikoa da benetan», erantzun zuen.
Txillardegi bera aspertuxea zegoen bere bizitzako gorabeherak kontatzen eta gogaigarria ere iruditzen zitzaion batzuetan nire galderei erantzuten arratsaldeak galdu beharra. Bisitatzen nuen aldiko hamar bat galdera uzten nizkion hurrengo bisitarako prestatu zitzan, baina galdu egiten zitzaizkion paperak edo nahita galtzen zituen, ez dakit. Hala ere, plazer izugarri bat izan zen berarekin buruz buru hainbat gaitaz hitz egitea. Liburuaren azken zatia izan zen beharbada askorentzat nolabait esateko goxoena, bere seme-alabez, eguneroko bizitzaz, liburutegiaz, bakardadeaz edo zahartzaroaz aritu zelako.
Baina elkarrizketa horietan jorratu genuen garairik interesgarrienak Ekin-en eta ETA-ren sorrerakoak dira eta hunkigarrienak haurtzaroari buruzkoak. Edozein gairi buruz ari zela, dena den, dotorea zen Txillardegi, beti zuen aipu jakingarriren bat, beti tartekatuko zuen pasadizoren bat. Matematika zuen gogoko (Einsteinen erlatibitatearen teoriaz liburu sail bat irakurrita zegoen), ingeniaria zen, astronomia eta musika maite zituen (bi mundu horien artean lotura estuak daudela uste zuen) eta gauzak kontatzeko eta idazteko moduan ere nabari zitzaion argitasun nahi hori eta bertute horiek umore tanta batzuekin goxatzen zituela erantsi behar da. Mitxelena, Krutwig, Aresti...badaude joan den mendearen bigarren zatia markatu zuten beste zenbait pertsona Euskal Herrian, baina ez dago zalantzarik Txillardegiri leku pribilegiatua zor zaiola talde horretan.