GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TXILLARDEGI HIL DA

Huntaz eta hartaz

Patxi SALABERRI MUÑOA Hizkuntzalaria

Oraintxe bertan jakin izan dut, Jose Luis. Joan zatzaizkigu. Zirrara batek astindu dit gorputza. Ezinegona hasieran, hotza gero. Eskuak berotu behar izan ditut arkatza hartu ahal izateko, zutaz oroitzeak adiskide ona baitakarkit lehendabizi gogora, baina baita papera eta hizkuntza bera ere. Mundu madarikatu honetan eragiteko premia; euskaraz ahoratzen eta papereratzen den premia larria. Hamaika gauza gehiago gogora, gero. Bi hitz baino ez, dena den. Lagun izan zaitugu. Lagun min. Buruz buru ezaugutu aurretik ere, gidari eta maisu zintugun. Bizitza higatzen duen denborak adiskideago eta maisuago bihurtu. Zurekin ikasi dugu euskaraz, eta ikasi koherentziaz; ikasi dugu aberriaz, ikasi lanaz; ikasi dugu duintasunaz eta ikasi apaltasunaz; ikasi dugu gizakiaz eta ikasi -barka, otoi, jolasa- jainkoaz eta deabruaz. Halakotz, botereak infernuetaratu ohi dituen guztien non serviam aldarriaren oihartzun euskalduna izango dugu beti zure irudiaren gainean josia. Ez adiorik, Jose Luis. Besarkada haundi bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo