TXILLARDEGI HIL DA
Txillardegi, aitzindaria
Patxi ZABALETA Abokatua, politikoa eta euskaltzain osoa
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, Larresoro... izen anitz eta gauza asko izan da bere bizitzan Euskal Herriarendako eta euskararendako. Joan direnekin maiz gertatu ohi den bezala, Txillardegiri buruz ere, zertzelada ikusgarri batzuk gehiago azpimarratuko dira egun hauetan agian bere beste ezaugarri
esanguratsu baina arruntagoak baino. Omenezko lerro apal hauetan nire asmoa da beste ezaugarri horien aipamen xumea egitea.
Frankismoaren garai beltzetan ETA erakundearen sortzaileetako bat izan zela bezain egia da Jose Luisek beti adorez eta kemenez defendatu zuela politikagintzaren lehentasuna eta bakearen premiazko beharra.
Ezkerrekotzat eta abertzaletzat eduki zuen beti bere burua eta zintzo eta zorrotz jokatzeko joera zeukan edonolako egoeratan eta baita hortik kalteak etorriko bazitzaizkion ere. «Ez nago modan» hainbeste eta hainbestetan aitortu behar izandako gizakia zen eta irizpideak beti lehenetsi behar direlako uste sendoarekin jarduten zuen bizitzako arlo guztietan, arerioaren neurriari jaramonik egin gabe. Eztabaidari sutsua eta pentsamenduarekin beti kezkatuta ez zuen inoiz bere ikuspegirik ezkutatu edo leundu nahi izaten; horixe zen alde batetik bere xarma eta bestetik bere muga.
Euskara XXI. mendeko premiei erantzuteko moduko hizkuntza izatera eraman behar dugula-eta, hizkuntzaren batasun literarioa bultzatzeari lotu zitzaion su eta gar. Alde batetik, hizkuntzalaritzan, eta, bestetik, literaturgintzan, bide berriak urratu zituen eta gaur egungo euskal prosak ekarpen erabakigarriak zor dizkio.
Txillardegiren kezka nagusia zen herriak hizkuntza beharrezkoa duela eta Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria duela aldarrikatzea. Ikuspegi horretatik egin zituen inoiz kritika eta arbuiapen mikatzak ere, ez baitzen ezertan bere xedea adiskideak egitea izaten. Hurbileko harreman pertsonalean gizaki goxo, leun eta maitagarria zen, baina aldi berean eztabaidetan maiz irmo eta zorrotzegia. Bere eleberri guztietan -«Leturiatik» «Exkixura»- aurki litezkeen pertsonaien antzekoa.
Monzonekin harreman bitxia eduki zuen eta biak dira nolabait Euskal Herriko gaurko egoera askoren aitzindariak. Erbestea eta etxekoen espetxea eta mota anitzeko jazarpena jasan ondoren joan zaigu Jose Luis lasaitasuna eta atsedena hartzera. Herrigintzan eta euskalgintzan aitzindari izandakoa joan zaigu. Zehazki lehentasun politikoko ezker abertzalea amestu zuen politikari zintzo eta zorrotza. Aitzindari guztiei bezala bere asmoak osorik betetzen ikusi gabe joatea gertatu zaio, nahiz eta egin diren urratsak ukaezinak izan.