GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TXILLARDEGI HIL DA

Jose Luis Alvarez Enparantza «Larresoro»

Miren AZKARATE | Euskaltzaina, Euskal Filologian doktorea eta zinegotzia Donostiako Udalean

Gaur eguerdian izan dugu Jose Luis Alvarez Enparantzaren heriotzaren berri eta hedabideak -irratiak bereziki- bati eta besteari galdezka hasi dira, nola hartu duzu berria, zer pentsatu duzu... Asko izango dira egun hauetan argitaratuko diren artikuluak, euskal literaturari eginiko ekarpena ekarriko dugu gogora, euskararen aldeko lana, unibertsitateko irakaslea aipatuko dugu, eta, nola ez, politikagintzan izan duen protagonismoa. Lerro asko irakurriko ditugu Txillardegi izenburu eramango dutenak. Nik Larresoro ekarriko dut gogora. Izan ere, ezaguna zaigun norbait joaten denean, irudi eta oroitzapen sorta etorri ohi zaigu burura; eta niri, berria jakin orduko, «Sustrai bila» izena atera zait. Hari horri tiraka, «Euskara Batua zertan den» ere bai. Larresorok idatzitakoak biak.

Euskara batuaren beharraz jabetuta, 60ko hamarkadan ekin zion Jose Luis Alvarez Enparantzak batasunaren aldeko lanari. 1964an Baionako Biltzarra antolatu zuten idazleen artean bera zen eragileetako bat. Hala aitortzen dio Jean Luis Davant euskaltzainak: «Hor dago Biltzarraren lana, eta Txillardegiri zor diogu nagusiki, Lafitteren axolbea baztertu gabe». Handik irten ziren euskara baturako lehen proposamenak: idazkerari buruzkoak (nb, np kontsonante multzoak, eta in, il, h noiz gorde eta noiz ez, ba, ez edo bait- nola idatzi, etab.), deklinabidearen gainekoak deklinabidea -mugagabea, mugatu singularra eta mugatu plurala bai kontsonantez amaitzen diren hitzena eta bai bokalez amaitzen direnena, bizidunena eta bizigabeena-, aditz laguntzailea, eta Hiztegi Batuko lehen zerrenda dei dezakeguna, «h» letrari zegokiona, bokal artean edo hasieran aspirazioa behar zuten hitzen zerrenda. Horiek izan ziren Biltzarrak ontzat eman zituen puntuak: «Batasunari buruz, euskaltzale guziei erabaki hauek betetzen hasteko eskatzen diegu; eta bereziki Euskaltzaindiari egiten diogu dei bat, bere aipamen guziaz gure erabaki hauek aztertu ondoren onar ditzan». Horren eragile eta aitzindari izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza. Ez da, beraz, harritzekoa, Jean-Louis Davantek esatea Euskara Batuari atea ireki ziola Baionako Biltzarrari esker 1964ko abuztuaren hondarrean.

Gero izan dut honen guztiaren berri. Askoz lehenago izan nuen, baina, esku artean 1970ean Larresoro goitizenarekin argitaratu zuen «Sustrai bila. Zenbait euskal koropilo», euskaraz alfabetatu nahi genuenon lehen eskuliburua. Handik lau urtera etorriko zen «Euskara Batua zertan den» (1974), hau ere Larresoro egile zuena. Bide luzea egin du euskarak, baita Euskara Batuak ere, ordutik hona. Gaur badakigu ez dela oso egokia euskaraz «deklinabidea» dugula esatea, eta deklinabide atzizkiak ez zaizkiola izenari edo hitzari lotzen, nahiz oraindik ere askotan horrela azaltzen diegun ikasleei. Baina, euskaraz alfabetatu eta euskara landu nahi genuenok orduan jabetu ginen «mugagabe» izeneko egitura bazela gure hizkuntzan; idazkeran finkatu beharreko puntuak bazirela, aditz laguntzaile batua ikasi beharko genuela, eta aditz trinkoen paradigmak ere hor genituela zain. Nik, eta nik bezala beste askok, Larresororen eskutik egin genituen Euskara Batuaren ibilbidearen hasierako urteak. Horixe da gaur eguerdian indartsu piztu den oroitzapena. Askotan esaten dugu «izan direlako gara; garelako izango dira». Ezin da jakin zer gertatuko zen Baionako Biltzarra izan ez balitz, Euskara Baturik izango ote genukeen, edo nolako izango zen balizko Euskara Batu hori. Baina ez da zalantzarik gaur guztion artean landu eta umotu dugun eredua zordun zaiola Jose Luis Alvarez Enparantza Larresorori, bere kemenari eta lanari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo