GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TXILLARDEGI HIL DA

Luma eta bihotza

Andoni SAGARNA

Euskaltzaindiko Iker sailburua eta Gipuzkoako ordezkaria

Larunbat eguerdia. Mezu bat dut telefonoan. Uste gabeko albiste txarra: Txillardegi, Larresoro, Igara, Usako zendu zaigu. Ez da nornahi izan. Ingeniaria, idazlea, hizkuntzalaria, soziolinguista, politikaria, goitik beherainoko intelektuala. Horiek guztiagatik estimatzen nuen Jose Luis; nola ez! Euskal Herriari ondare bikaina utzi dio.

Asko izango dira nik baino hobeto haren merezimenduak aztertu eta goraipatuko dituztenak. Nik gaur Txillardegirengan aurkitu nuen beste balio handi bat azpimarratu nahi nuke: gizon guztiz maitagarria zela. Askok haren lumak paperean utzitako arrastoen bidez ezagutuko zuten Jose Luis, eta horren araberako irudia izango dute. Esango dute pentsamendu sakonekoa zela, ausarta zela, aurrerakoia zela, eta zorrotza eta gogorra ere bazela, norbaiten pentsaera edo jokabidea salatzeko modukoa iruditzen zitzaionean. Nik ere irudi horixe nuen. Irudi horixe bakarrik nuen.

Irudi hori, ordea, bere handitasunean, motza da. Nik Txillardegi benetan erbestetik itzuli zenetik aurrera ezagutu dut. Haren lumak isuritako ideiek soilik ez zuten gizonaren handitasun osoa islatzen. Hurbiletik ezagutu ahala ohartzen zinen bihotz samurreko gizon baten aurrean zinela. Noizean behin Donostian egiten genuen topo eta solasalditxo bat izaten genuen. Familiako gorabeherak, osasun-kontuak aipatzen genituen, baina ezinbestean euskara eta Euskal Herria izaten ziren mintzagai nagusiak. Ni bera baino baikorragoa izaten nintzen iritzi gehienetan, eta egia esan baikortasun hori azpimarratzen saiatzen nintzen, iruditzen zitzaidalako eskertu egiten zuela, eta halaxe adierazten zidan gainera batzuetan. Oraintxe ere horrelako zerbait esanez egin nahi nioke agur: «Lasai, Jose Luis, har ezazu atseden. Jende gaztea badator, zure ametsak egia bihurtzen saiatuko dena. Argi izpi berriak ere ikusten hasi gara». Agur Jose Luis.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo