GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«`Black block'-en eginiko lana eta jarraipena nabarmenduko nituzke»

p042_f01.jpg

Luis Alfonso FELIX I Eskalatzailea

Joan den azaroaren 25ean, Toledoko 35 urteko eskalatzaileak Cuencan ekipatutako muturreko bide bat sinatu zuen: «Black block». Harentzat 9a+ proposatu du; hots, bere ibilbidean egin duen marra gogorrena. Ekipatzerako orduan tentu handiz ibili zen Luisito, hain zailtasun handia duen bidea era garbienean zabaldu nahi izan duelako. Eta, oro har, hamar izarreko bidea atera zaio.

Andoni ARABAOLAZA I

Pasa den astean gure artean izan da Luis Alfonso Felix, eta GARAk Toledokoarekin hitz bi egiteko aukera izan du. Felixek asko maite du Euskal Herria eta elkarrizketa euskaraz argitaratzeko eskatu digu.

«Black block» da poltsikora eraman duzun zure azken proiektua. 9a+ zailtasunekoa proposatu duzu; baina zailtasun zein estetika aldetik nolakoa da?


Cuencako ohiko marra bat da: ez du erori handia, eta bai oinentzat bai hatzentzat helduleku txikiak ditu. Oinen teknika bikaina behar duzu izan; hor dago gakoa. Eta horri guztiari erresistentzia handia eta indarra gehitu behar zaizkio. Bidearen lehen zatian zutabe txikiren bat edo beste dago, eta estetika aldetik horrelakorik apenas ikusten dugun ingurumari honetan; besteak beste, oso zutabe gutxi dagoelako. Erdialdea, berriz, oso `plakeroa' da, eta azkenera beltz koloreko zati bat du: erregeleta eta hatz biko helduleku txikiekin. Oro har, bide hau ez da nahasketa `komertzial' bat; teknikoa da. Beste era batera esanda, ez da eskalada gimnastikoa.

«Black block», berez, Valdecabras izeneko sektorean dago. Eta askok diote Cuencako murrurik erakargarriena dela. Hala ere, oso inguru laiotza da, errekaren alboan dagoenez hezetasun handia dago, neguan hotz handia egiten du... Horrekin adierazi nahi dizut zaila izango dela baldintza egokiak aurkitzea. Zergatik aukeratu zenuen murru hori zure proiektua ekipatzeko?

Lehenik, esan behar dut leku horretatik gehien erakarri ninduena hotza dela. Oso gustuko dut alderdi freskoetan eskalatzea. Gainera, oso sektore lasaia da. Cuenca masifikatua dago oso, eta txoko honetan oso gustura egoten naiz; nire adiskideekin eta kito. Horiexek dira arrazoi garrantzitsuenak, baina, arestian aipatu bezala, «Black block» bideak Cuencako estiloarekin antzik apenas dauka, eta horrek ere asko erakarri ninduen.

Eskalatzen hasi bezain laster, zulagailua hartu eta ekipatzen hasi zinen. Ia zabaldu eta ekipatu duzun guztia Castillo de Bayuelan (Toledo) izan da. Orain, berriz, zeure buruarentzat muturreko zailtasuna duen erronka ekipatu duzu. Zergatik hori?

Alde batetik, «beharra» sentitzen nuen. Zailtasun handiko bide asko eskalatu ditut, eta, jakina, horiek ere «bukatzen» hasten dira. Eta motibatu zein hobetu ahal izateko beste marra batzuk ekipatu behar dituzu. Baina horren guztiaren gainetik beste eite hau dago: eskalatzaileen kolektiboarekiko konpromiso bat daukat. Horrekin esan nahi dut beste batzuek nik eskalatu ditudan bideak ekipatu ez balituzte, ni ez nintzatekeela inoiz iritsiko nagoen mailara. Ekipatzaile horiei guztiei esker eskalada zabaldu egin da eta nire ibilbidean urrats garrantzitsuak eman ditut. Bai, kolektibo horrekin zorretan nengoen eta nik ere eskalada eskola honi eta jakina eskaladari zer edo zer eman nahi nien.

Gainera, oso bide garbia geratu zaizula aitortu behar zaizu; soilik helduleku batzuk indartu dituzu eta sika soil bat jarri duzu. Zure goi mailari begira ahalik eta bide garbiena bilatu al duzu?

Bai, halaxe da. Cuencako harkaitzak bere mugak ditu. Hots, bide askotan zer edo zer ukitu behar duzu. Hori dela eta, mugimendu guztiak probatzeko nire denbora hartu nuen. Era horretara jabetu nintzen bide osoa ia ukitu gabe utz nezakeela.

Horretaz gain, Cuencako zailtasunean beste urrats bat egin nahi nuen. Horretarako ikuspuntu orokorragoa behar duzu izan. Tailatu edo sikatu aurretik mugimenduak probatu nituen, duda horiek uxatu ahal izateko. Hitz batean esanda, boulderraren filosofiarekin jardun nuen: probatu eta probatu. Adibide bat jartzeagatik, esango nizuke bidearen erdialdean dagoen blokeari 50 bat saio eman nizkiola sekuentzia osoa zehaztu arte. Ziur aski, etsi izan banu, tailatu edo sikaturen bat jarriko nion. Eta ez dut zalantzarik ukitu horiekin ez zela hain ederra eta zaila geratuko. Bai Cuencan bai beste eskalada eskola batzuetan bide asko oso azkar ekipatu dira, eta ez dira hain ederrak geratzen. Uste dut horiek guztiak soberan direla.

Eskalatzaile ia gehienek ez dute ezer ekipatzen eta, gainera, ekipatzaileen lana askotan kritikatu egiten dute. Bestalde, ekipatzaile batzuek eskalatzaileak kritikatzen dituzte ez dutelako zulagailua hartzen. Nola ikusten duzu «bataila» hori?

Ekipatzaileak oso eskuzabalak dira, eta haiei esker eskalada existitzen da. Argi dago eskalatzaile guztiek ez dakitela eta ezin dutela ekipatu, baina argi dago ere ekipatzaileen lana kritikatzea oso arduragabea dela. Kritikatu baino aholkatu egin beharko litzateke. Ekipatu ala ez, hori norberak erabaki behar du. Hori bai, nik ekipatutako bide batean inork lehen igoera egin nahi badu, argi dut kontuan hartuko nukeela ekipatzailea den edo ez.

«Black block» izena jarri diozu. Horrela irakurrita badirudi izen soil bat besterik ez dela, baina bere baitan badu esanahi berezi bat, ezta?

Hala da. Uste dut hitz joko eder bat dela. «Bloke beltza» bidearen azken zatiak, plakaren amaieran dagoen bloke horrek, kolore hori duelako. Eta beste aldetik, aldarrikapen bat ere bada. Hain zuzen ere, manifestazio antisistemetan dagoen estrategia bat omendu nahi dut. Manifestazio horietan jende guztiak txano beltza duen jertsea jantzi ohi du. Poliziak ezagutu ez ahal izateko burua eta aurpegia estaltzen dituzte.

Garai hauetan zuk aipatu duzun azken hori ez da batere «politikoki zuzena». Bada, eskalatzaile multzo batek dioenez, politika eta eskalada ez dira nahastu behar. Zer erantzungo zenioke?

Nahiz eta jende askok horrela ikusi nahi ez duen, politika bezala, eskalada ere bizitzaren alor bat da. Nola ezin direla poltsa berean sartu eta nahastu eskalada eta politika? Nik argi daukat «Black block» izena jarri nuela aldarrikapen kutsu nabarmen batekin. Nik ekipatu nuen eta nik erabakiko dut ze izen jarri. Batzuentzat izen hori iraina izan daiteke, baina giza eta politika arloko ardurak ditut, eta, horrela bada, eskalatu edo ekipatzen dudanean ere ezin dut ahaztu nor naizen. Eskalatzen, tabernan eta edonon jarrera bera daukat, eta askatasun osoz nire iritzi politiko eta ideologikoak ematen ditut; gustatu ala ez. Inork ez du eskubiderik niri zer nolako jarrera izan behar dudan exijitzeko.

Adibidez, ez dut konprenitu Ekaitzek (Maiz) eta Anttonek (Zabala) Marboreko Dorrean zabaldutako «Agur eta Ohore» bidearen inguruan Desnivel web orrian izan den polemika. Garrantzia jarduerari eman ordez, «iritzigileek» marraren izenak duen kutsu politikoaz hitz egin dute. Horiek guztiak ezjakinak dira.

Guztira sei hilabete behar izan dituzu «Black block» kateatu ahal izateko.

Bide bat ahal dudan saio gutxienetan egitea dut helburu, baina kasu honetan jarduera horretan egin dudan lanari eta izan dudan irmotasunari garrantzi handiagoa ematen diet. Agian, izar mediatiko batek nire bidea probatu eta askoz ere lehenago egin dezake. Baina, zer gerta daiteke horietako espezialista batek, eskaladatik bizi den batek, nik bide horretan sartutako denbora bera sartuko balu? Ziur naiz egungo zailtasun maila birrinduko luketela.

Zu ez zara eskalatzaile profesionala, baina dagoeneko 9a+ mailara iritsi zara. Ze garrantzia ematen diozu horri?

Kirol ikuspuntutik garrantzia du, baina horri baino garrantzi handiagoa ematen diot maila horretara iristeko aurrean ditudan «oztopo» guztiei nola aurre egiten diedan. Familia dut, laneko ohiko lanorduak egin behar ditut, eskuin eskuko hatz txikia ez dut, eskalatzeko denbora gutxi dut... Nik ehuneko ehuna ematen dut, eta alboan ditudan senitartekoek eta lagunek asko laguntzen didate. Horiei esker, oraintsu lortu dudan helburua sinatzera iritsi naiz.

Toledokoa zara, eta ingurumari hartan harkaitz gutxi duzu eskalatzeko. Beraz, kilometro asko egin behar dituzu xede gogorrei ekin ahal izateko. Horrek ez die zuk muturreko zailtasunean sinatu dituzun helburuei balio erantsi bat ematen?

Bai, horixe. Asteburuero ehunka kilometro egiten ditut goi mailako bideak probatzeko; igande arratsaldero ia depresioan murgiltzen naiz... Horrek guztiak ez du preziorik.

Cuencaren ondoren, Araotz edo Baltzola eskalada eskoletan asko eskalatu duzu. Mingain luze batzuek diote okerreko lekuan sortu zinela. Zergatik duzu hain lotura estua Euskal Herriarekin?

Kirol ikuspuntutik, Euskal Herriko murruetan eskalatzea eta goi mailan aitzindari izan diren euskal eskalatzaile batzuk, hala nola, Patxi Usobiaga, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi ezagutzea ohore bat izan da niretzat. Bestetik, zuen kulturak, tradizioak eta jarrera politikoak erabat erakartzen naute; ikusten duzu, berriro eskalada eta politika nahasten ditut. Zailtasunari dagokionez, Euskal Herria penintsulako epizentroa izan da, eta uste dut hori jendeak ahaztu egin duela. Orain ia denak Lleidara begira daude, eta, oso bide onak baditu ere, uste dut «zirku mediatikoarekin» lotura handiagoa dutela. Nahiago dut kalitatea kantitatea baino.

Hemen, Euskal Herrian, etxekoa bezala sentitzen naiz, eta jendeak arlo ezberdinetan duen konpromisoa miresten dut. Euskara gustuko dut; inoiz galdu behar ez den nortasun ikurra duzue. Pena dut euskara ikasteko denbora gutxi dudalako. Gainera, Ternua babesle dut, eta horrek euskal filosofiarekin gehiago identifikatzen nau. Harro nago zuekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo