GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Miki (Da Cat) Dora Surflari erreboltariaren kondaira

Urtarrilaren 3an bete ziren hamar urte Miki Dora hil zela. Surfaren historian eragin handia izan duen gizon menderakaitza izan zen.

p048_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Lapurdiko kostaldean mundu mailan ezagun diren olatu asko daude. Ipar Euskal Herriko kostaldean bizi izan diren edo bizitzeko aukeratu duten surflari profesional ohien zerrendak inguruko olatuen kalitate ona berresten du.

Avalanch, Parlamentia eta Les Alcyons, Getari parean lehertzen diren hiru olatu dira, kalitate bikainekoak hirurak, batez ere itsaskiak handiak direnean. Olatu hauek hartzera bertaratzeko Getariko kai txikia zeharkatu behar da eta han ikus zitekeen orain dela gutxira arte, portuko horma alderik alde zeharkatzen zuen kontsigna: «Never forget Miki Dora».

Garai historikoa

Urtarrilaren 3an bete ziren hamar urte Miki Dora hil zela, surfaren historian izan ziren aldaketen lekuko zuzen eta eragilea.

50eko hamarkadan aldaketa erradikala gertatu zen surfaren historian. Aurrez bi gertakizun nagusi azpimarra daitezke. Batetik, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Hawaiin izandako gertakizunak. Aro horretan, ordura arte hawaiiarrek olatu artean egiten zutena, He'e nalu deituriko ekimena, surfing bilakatu zen, kanpotarrak ere olatuak hartzen hasi eta ordura arteko zentzu guztia galdu zuenean.

Halere, eta kutsu berria izan arren, oraindik bere osagai espirituala mantentzen zuen, ez zen edonork egin zezakeen zerbait. Kaliforniatik etorritako haloe ilehoriek mendeetan hawaiiarrek egiten zuten hura lurperatu zuten, beste zentzu bat eman zioten, baina zentzu berriak, kode berriak, ausardia, eta egoera psikiko nahiz fisiko muturrekoak eskatzen zituen.

50eko hamarkadan izan zen aldaketak ordea, surfaren "demokratizazioa" deitu izan dutena ekarri zuen. Taulen materiala gero eta arinagoa eta merkeagoa zen eta pixkanaka edonoren esku zegoen zerbait bilakatu zen surfa eta modan jarri zen. Eta hori dena, batez ere leku batean gertatu zen, Malibun.

Izenaren jatorria

Izenaren jatorria "Humaliwo" hitzetik dator eta «itsaski indartsuen soinu» esan nahi du. Chumash indio amerikarren hizkuntzan ditu sustraiak Malibu hitzak. Horrela deitzen zuten bertakoek, Juan Cabrillo espainiarrak 1542. urtean, haren gurutze eta ezpata kostalde hartan iltzatu zituenean.

1802. urtera arte espainiarrak izan ziren nagusi inguru haietan. 1891. urtean Rindge sendiaren eskuetan geratu zen. 1929. urtean errepide nagusia eraiki zen eta orduan estatuak bere lurrak saltzera behartu zuen Rindge eta Hollywoodeko aktoreak izan ziren luxuzko etxeak eraikitzen hasi zirenak.

Los Angeleseko kostaldean giro epela da nagusi, Mediterraneoko klima du. Malibun aristokraziako jendea bizi zen, aktoreak eta jende diruduna batez ere, baina aldi berean gizarteko ohiko arauak jarraitzen ez zituen jendea onartzen zuten. Gainontzeko eremuetatik bereizi nahian zebiltzan surflariak ongi etorriak ziren, azken finean, aktore eta aristokratak bezala, «desberdinak» ziren.

Hondartzan edo autoan bizi zen jendeak, itxuraz, uko egiten zion kontsumo sistemaren arauen arabera bizitzeari. Behar zuten guztia hondartzan zegoen: olatuak, eguzkia eta neskak. Olatu artean sentitzen zuten askatasuna lehorrean eta norberaren izaeran irudikatu beharra zegoen, nahiz eta paradoxikoki, hura guztia, kontsumo sistema kapitalista indartzeko bitarteko ezin hobea izan.

Ordura arteko izaera espirituala moda bilakatu zuten, hain zuzen ere, gerra garaian, olatuak hartzeko ekimena askatasunaren sinbolo gisa zutenek.

Testuinguru horretan kokatzen da Miki Doraren arrakasta. Inkonformista, menderakaitza, indartsua, lotsagabea, eta talentu handiko surflaria. Hondartzan bizi zen, bitarteko materialei uko egin nahi zien, soilik olatu artean ibili eta gozatzea zuen helburu, eta bere printzipioei so bizi nahi zuen, baina etengabeko kontraesanean zegoen.

Dorak hondartzetako masifikazioa gorrotatzen zuen, surfa moda bilakatu izana kritikatzen zuen, txapelketak errefusatzen zituen, baina aldi berean, surflariaren irudi basatia saltzen zuen eta irudi horrek sekulako arrakasta zuen. Ez zituen txapelketak maite, baina parte hartzen zuen, nahiz eta gero trofeoa harrika bota edo epaileei ipurdia erakutsi. Kontraesankorra izan arren, bere irudia kondaira bizi bilakatu zen.

Mickey Chapin Dora Budapesten jaio zen, Hungarian. Heziketa bitxia izan zuen, izan ere, batetik ikasketak eskola militar katoliko batean egin zituen eta gainera bere amonaren eragin handia izan zuen, zeren honek aristokraziako arauak erakutsi zizkion. Bestalde, bere ugazaitak kontrako heziketa eman zion, bere kabuz aurrera ateratzen eta surf egiten erakutsi zion.

18 urte zituela Argentina, Peru eta Txilera joan zen surf egitera. Agian Txilen surf egin zuen lehen pertsona bera izan zen. Kontua da, handik etxera itzuli ostean, eskola amaituta, Malibuko hondartzan bizitzeko hautua hartu zuela. Surf munduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari ziren garaian, aldaketa horien erdigune zen Malibuko hondartza, eta Dora bertako surflari bitxi eta eraginkorra izan zen.

50eko zein 60ko hamarkadetan, munduko surflari onenetako bat zen Dora, baina bere izaera zen jendearen mirespena sorrarazten zuena.

1963 eta 1965 urte artean zazpi filmetan hartu zuen parte. Aktore lanetan aritzeak Hollywoodera hurbildu zuen eta Los Angeleseko amaraun ilun eta ezkutuan murgildu zen. Tarteka elkarrizketaren bat edo beste egiten zioten, baina ez zen jendaurrean larregi agertzen.

Bere izenak sekulako arrakasta zuen momentuan, etorkizun handiko aktore gisa zutenean, AEBak utzi eta bidaiatzeari ekin zion. Kreditu txartel eta txekeekin iruzurra egiteagatik zigortu nahi zuten gorteek, baina aurrez ahalik eta gehien gozatu nahi zuen Dorak.

1973an AEBetara itzuli zen eta birritan espetxeratua izan zen, batean ezarritako zigorra betetzeko, eta bestean, baldintzapeko askatasunean ezarritako arauak hausteagatik.

1981ean Lapurdin atxilotu zuten kreditu txartel eta txeke faltsuekin, eta CIAko polizien eskuetan utzi ostean, berriz ere espetxeratua izan zen.

Gainontzean, nola edo hala munduan zehar bidaiatu eta surf egin baino ez zuen egin. Bere biziko azken urteetan, batez ere, Lapurdin eta Hegoafrikan bizi izan zen. 2002ko urtarrilaren 3an, 67 urte zituela hil zen Monteciton, Kalifornian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo